Askapena, Eguzki, ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC, Komite Internazionalistak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak dira zapatu honetan, apirilaren 23an, bizikleta martxa antolatuko duten elkarteak.
Bizikleta-martxa Bilboko Bizkaiko Foru Aldundiko jauregitik aterako da 11:00etan eta hiriburuko kaleetatik egingo dute lehen tartea. Bidetik, parte hartzaileak armagintzaren sektoreko enpresakagaz lan egiten duten lantegien egoitzetan geldialdiak egingo dituzte protesta egiteko.
Kakitzat koordinakunde antimilitaristatik adierazi dute 14. mobilizazioa izango dela zapatukoa eta, bereziki, azken hilabeteotan iragarritako gastu militarraren igoera salatuko dutela. Azaldu dutenez, "ikaragarrizko diru publikoa inbertitzen da industria militarrean, baina diru hori industria hori zibil bihurtzeko izan beharko litzateke". Erakundetik berrestu dute mobilizazioaren helburua dela erakunde publikoek enpresa horiekaz duten inplikazioa salatzea, "beste sektore batzuetan izandako murrizketen aurrean, hala nola osasunean eta hezkuntzan".
6.500 milioi euro gehiago
Zehaztu dutenez, Espainiako gobernuak 6.500 milioi euro gehiago bideratuko ditu armagintza-industriara, "berez gehiegizkoa den gastu militarrari, eta gainera, 10.000 milioi euro gehiago gastatu dituzte ehiza-hegazkinetan, misiletan, itsaspekoetan eta gerraontzietan. Zifra ikaragarriez ari gara, gaur egun jendeak behar dituen gauzetan egon beharko litzatekeenak", adierazi dute.
Deialdia egin duten kolektiboek azaldu dutenez, Defentsa Ministerioaren datuen arabera, ehun bat enpresa euskaldun ari dira industria militarrarentzako produktuak ekoizten, eta EAEn urtero 750 milioi euro fakturatzen dira horren bitartez; horrenbestez, espainiar Estatuko fakturazio altuena duen hirugarren autonomia-erkidegoa da.