Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak haurtzarotik sustatu gura ditu ingurumena errespetatu eta zaintzeko balioak eta ohiturak. Helburu horregaz, apirilaren 26an, martitzenean, UK Argi eta Garbi ekimena aktibatu du, eskualdeko ikastetxeetan gauzatuko den proiektua, hain zuzen ere. Ikasleak ondo birziklatzearen eta hondakinak murriztearen garrantziaz jabetzeko, materia organikoa konpostatzeko bosgarren edukiontziaren erabilerari arreta berezia jarriko diotela ere azaldu dute.
Ikastetxe bakoitzean ingurumen-hezkuntzako tailerrak egingo dituzte, Haur-hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako mailetara egokitutako eta diseinatutako eduki eta metodologiakaz. Hezkuntza-tailer horien bidez, umeakaz honako balio hauek landu gura dituzte, besteak beste: ikasle bakoitzak sortzen dituen hondakinak ezagutzea, 5 Rak zeintzuk diren ikastea (baztertzea, murriztea, berrerabiltzea, konpontzea, birziklatzea eta erantzukizuna), norbanako bakoitzaren sormen-gaitasunak garatzea, ikastetxeko gainerako ikasleakaz hondakinakaz sortutako artelanak erakustea, ingurumena hobetzeko norbanakoaren erantzukizuna nabarmentzea eta gizarteko kideen arteko lankidetza ezinbesteko beharra ulertzea. Guztira, apirilaren 26tik azarora arte, ingurumen-hezkuntzako 35 jarduera egingo dituzte Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ikastetxeetan.
Tailerrak Mankomunitateak dituen totem-en kanpainagaz osatuko dira. Totem horiek bi astez egongo dira udalerri bakoitzean, eta tailerrak denbora-tarte horren barruan egongo direla azaldu dute. Totem horiek pallet berrerabiliakaz egin dituzte eta hautatutako hondakinak oinarri hartuta sortu dituzte. Horien helburua da herritarrei jakinaraztea eta zalantzak argitzea, hondakin mota bakoitza non eta zein edukiontzitan utzi jakin dezaten. gainera, Totem horietan agertzen den QR kodearen bidez, Birziklatu zalantzarik gabe izeneko informazio-liburuxka ere deskargatu ahal izango dute.