Martxoaren 10ean abiatu zuen Errigorak "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpaina; Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserba-potoak, arroza, pasta eta lekaleak jarri zituzten salgai, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Martxoaren 30era arte aritu ziren herritarren eskariak jasotzen, eta orain gutxi publiko emandako datuen arabera, "inoizko uztarik emankorrena" izan dela ondorioztatu dute.
Zehazki, eskaria % 20 hazi da iaztik, eta 10.000 despentsa beteko dituzte. Denera, 143.000 litro olio saldu dituzte, iaz baino % 20 gehiago; eta kontserba-potoen eta arroz, pasta eta lekaleen paketeen eskariek ere gora egin dute, %15 igoz: 271.000 kontserba-poto eta 41.000 pakete.