Maiatzaren lehena

Egin dezagun posible

Iraide Juaristi 2022ko mai. 1a, 09:56

Tabernara jaitsi naiz eta kafearen prezioa 10 zentimo igo da. Ez da igo den prezio bakarra: ogia 5 zentimo, arrautzak 20 zentimo... Barran alboan daukadanari asperen artean barrutik atera zaio: “zenbat garestitu den bizitza”. Egia borobila.

Askotan hitz egin dugu argindarraren prezioaren igoeraz negu honetan. Martxoan 544,98 euro MWh ordaindu genuen; iaz, berriz, data berean, 54,43 euro MWh. Argindarrarekin bezala, merkatuan erosten ditugun beharrezko produktuekin kontuak antzera ateratzen dira. % 6,5 igo da KPIa azken urtean, eta horrek esan nahi du oinarrizko beharrak asetzea %6,5 garestiagoa dela. Prezioak gora doaz, baina ez, ordea, gure soldatak eta pentsioak; izoztuta jarraitzen dute. Hortaz, bizitza eta bizitzea gero eta garestiagoa zaigu, eta batzuek kontrakoa adierazi nahi duten arren, ez da koiunturala.

Eros ahalmena galdu dugu, oinarrizko beharrak asetzeko ahalmena galdu dugu. Ezinean gabiltza. Argindarra, gasa, etxebizitza, osasunerako sarbidea, oinarrizko elikagaiak… Dena igo da, gure soldatak eta pentsioak izan ezik. Eros ahalmena galtzea duintasunez bizitzeko ahalmena galtzea da.

Aberastasuna egon badago, baina gero eta esku gutxiagotan metatzen ari da. Gu, langileok, pobretzen ari garen bitartean, batzuek gure lanarekin aberasten jarraitzen dute. Gure kontura bizi dira.

Barran alboan dagoenari galdera batekin erantzun diot: “zerbait egin beharko dugu, bada?!” Barra izkinetako elkarrizketa horietatik kaleak hartzeko jauzia ematen ez badugu, jai daukagu.

Urgentziak argiak dira. Enplegua suntsitzen ari diren honetan, enplegua bermatu: gehienez 30 orduko lanaldia eta gutxienez 1400 euroko soldata ezarriz. Ondasunak banatu: Soldatak KPIaren arabera gutxienez eguneratu. Gure beharrekin negozioa egiten jarrai ez dezaten, zerbitzu publikoak eta babes sozialerako sistema indartu; hala nola energiarako eta etxebizitzarako eskubidea bermatuz eta osasun zerbitzuak indartuz. Eta horretarako, zerga sistema justuagoa ezarri, kapitalaren errentei zerga errekargua handituz. Eta azkenik, zaintza lanak aitortu eta banatu, zaintza sistema komunitarioa oinarri, guztion bizitzak sostengarriak izan daitezen. Finean, banaketa hirukoitza: zaintza lana, enplegua eta ondasuna banatu.

Maiatzaren Lehenaren atarian, inoiz baino konbentzimendu handiagoarekin diot: hemen, Euskal Herrian, hau guztia egitea posible dela eta egingo dugula. Borroka dezagun bizitza duinago baten alde!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun