Maiatzaren lehena

Nor ez da mobilizatuko?

Endika Perez Gomez 2022ko mai. 1a, 10:00

Aurtengo maiatzaren lehena testuinguru berezian emango dela baieztatzea ez da gehiegizkoa. Mundu mailako osasun larrialdiak eragin duen pandemia lehertu eta bi urtera, Europaren bihotzean gerrak eztanda egin du eta azkartzen ari dira lehenagotik bizitzen genituen zaintza krisi nahiz krisi sozial, politiko, ekonomiko eta ekologikoak. Bizitzak sostengatzea gero eta zailagoa da, baita garestiago ere. 

Bada, borrokarako eta ospatzeko eguna izan ohi dugu maiatzaren lehena langileok. Elkartasuna, elkarrekiko aliantzak eta klase harrotasuna ditugu ospatzeko.Borrokarako hamaika arrazoi ditugula aldarrikatuz mobilizatzen gara. Baina nortzuk gara igande honetan kalean mobilizatuko garenak?

LABen argi dugu, zoritxarrez, garenak eta izan behar dugunak baino gutxiago izango garela. Eta ez da egunari garrantzirik eman ez eta igandea beste modu batera igaroko duten langileei begira gaudelako. Hauek ere behar ditugu gurean eta gurekin. Baina lerrootan, igandean ere, lanean, ia lan eskubiderik gabe edota administratiboki modu irregularrean daudenak ekarri nahi ditugu gogora. 

Etxeko langileak, ostalaritzakoak, kale saltzaileak, merkantilizatu eta pribatizaturiko zaintza lanetan dihardutenak, garbiketa sektoreko langileak, “riders-ak“. Horietako asko, sektore feminizatuak diren bezala, pertsona migratu eta arrazializatuez osatutakoak. 

Langile klasearen ohiko iruditegitik kanpo geratu direnak, sistemak bezala guk ere denbora luzez periferian kokatu ditugunak gure aldarrikapen, antolaketa modu eta borrokarako eskaintzan. 

Aurten ordea, jendarte bezala dugun zor koloniala kitatzeko gure ekarpena egiten hasteko borondatea adierazi nahi dugu. Arrazista ez izatea ez delako nahikoa: antiarrazista izatea dagokigu esplotaziorik gabeko jendartea eraiki nahi dugunok, helburua langile guzti-guztiontzat bizigarriak diren bizitzak lortzea bada behintzat. 

Gure ekarpena egiteko prest gaude. Eta gaurkoan mobilizatzeko aukera gutxiago dituzten horiengatik ere hartuko ditugu kaleak; besteak beste, ahalik eta lasterren pertsona migratu eta arrazializatuen parte hartze sozial eta politikorako eskubide eta baldintzak irabazteko bidean gure ekarpena egiteko. 

Enplegua, zaintza eta aberastasuna banatzeko aldarrikapena da gurea. Langile guztion lan eta bizi baldintza duinak borrokatzeko tresna izan nahi duen bide-orria dugu proposamen gisa. Hortxe, maiatzaren lehen honetan berretsi nahi dugun sindikalismo antiarrazista baterantz urratsak ematen jarraitzeko gure konpromisoa. Horixe borroka eta eraldaketa anbizioa duen sindikalismoaren egitekoa.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun