Bizkaia Hari Gorriaren baitan, herri-martxa antolatu dute maiatzaren 29rako

Iker Rincon Moreno 2022ko mai. 12a, 11:43

Herri-martxa aurkeztu zuten maiatzaren 11n, Axpeko erriberan. © BIZKAIA HARI GORRIA

Faxismoa Bizkaian sartu eta "Euskal Herriaren asimilazio saiakera odoltsua" gertatu zenetik 85 urte betetzen direla gogoratzeko, "baina batez ere ordutik honako erresistentzia eta askatasun-grina mantendu izana balioan jartzeko asmoz", Bizkaia Hari Gorria dinamika jarri dute martxan hainbat eragilek; diotenez, "dinamika bizkaitarra, gorria, bizia, indartsua, alaia, kolektiboa".

Datorren maiatzaren 29an, domekan, egingo duten herri-martxa aurkeztu zuten atzo, eguaztenean, Erandioko Axpeko erriberan. Bertan, belaunaldi eta borroka ezberdinak biltzen dituen argazkia osatu zuten Bizkaia Hari Gorria dinamikako kideek; hala, besteak beste, hurrengoak egon ziren: Lemoizen eraiki gura izan zuten zentral nuklearraren aurkako komiteetan antolatu ziren kideak; Erandion "Fuera el gas" oihu entzutetsuen artean poliziak hildako Josu Muruetaren senideak; langile-borrokaren lehen lerroan urte luzez ibilitakoak; elkartasun internazionalistaren eremuan aritutakoak; eta beste hainbat borroka historikotan protagonista izandakoak. Iraganeko borroken protagonistez gain, baina, gaur egun bizi-bizi dauden borroketako kideak ere presente egon ziren, hala nola pentsionisten mugimenduko kideak, mugimendu feministakoak, presoekiko elkartasuna antolatzen dutenak eta ekologismoan dihardutenak, besteak beste.

Aurkezpenean azpimarratu zutenez, "argazkian argi ikusten da iraganeko borroken oihartzuna egon badagoela gaur egungo mugimendu feministaren indarraren, Tartanga berdearen aldeko mobilizazioen, Azkorri bizirik mantentzeko grinaren, Kurkudi eta Otxantegiko erresistentziaren, Alconzako langileen haserrearen, osasungintza publikoaren defentsaren, pentsionisten tinkotasunaren, gazte mugimendu alai eta borrokalariaren edota Korrikak sortutako ilusioaren atzean".

Faxismoa Bizkaian sartu eta "herri honen asimilazio saiakera odoltsua" gertatu zenetik 85 urte betetzen direla gogoratuta, urteotan guztiotan bizkaitarrek  "erresistentzia eta askatasun-grina" mantendu dutela azpimarratu zuten atzo bildutakoek. Hala, hori guztia balioan jartzeko asmoz, udaberriari begira, Bizkaia Hari Gorria dinamika martxan jarri dute: “dinamika bizkaitarra, gorria, bizia, indartsua, alaia, kolektiboa”.

Euren arabera, memoria lanabesa da, "nondik gatozen jakinez, gaurkoa borrokatu eta biharkoa eraikitzeko". Izan ere, sustatzaileen berbetan, “ahaztu ezin ditugun 1937ko gertakari haietatik, errauts haietatik, etenik izan ez duen hari borrokalari bat egon da, gaur arte etenik izan ez duena eta gure lurraldean isla izaten jarraitzen duena. Jakin izan dugu berriz altxatzen eta borroka bera era ezberdinetan lantzen, askatasunerako bidean. Gaurko errealitateari begiratuta, Bizkaia borroken kokaleku soila izatetik urrun, borroka subjektu da".

Herri-martxa, hiru zutabe

Aurkezpenean eman zuten maiatzaren 29an egingo duten herri-martxaren berri, eta, azaldu zutenez, eskualdeko hainbat herri lotuko dituzte. Horretarako, hiru zutabetan hasiko dute martxa: Algortatik, 12:00etan irtengo da Txikia plazatik, eta Itzubaltzeta/Romoko Kolas plazatik, 12:45ean; Leioatik, 13:00etan irtengo da, Tigre enparantzatik, eta Astrabudutik 13:15ean, Josu Murueta plazatik; azkenik, Erandioko Altzagako Irailaren 23a plazatik abiatuko da, 13:15ean. Helburua da 13:30erako Erandioko Axpeko erriberan denak batzea ekitaldi nagusia egiteko.

Antolatzaileek gaur egungo borroka eta herri sektore ezberdinen aldarrikapenak soinean bertaratzeko deia egin dute, “hauek egon badaudelako, garaipenen ortzi-mugak eskaintzeko aukera daukagula ozen esateko”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun