Hasi da hondartzen denboraldia Uribe Kostan

Erredakzioa 2022ko eka. 1a, 09:01

Gaur, ekainak 1, inauguratuko dute Bizkaiko hondartzen denboraldia. Aurten, pandemiak ez du murrizketarik eragingo hareatzetan, eta hainbat berrikuntza izango dituzte; besteak beste, lagundutako bainu-zerbitzua emateko epea luzatu egingo da eta BizkaiUp aplikazioaren bidez zerbitzu hori erreserbatzeko aukera egongo da; hondakinak trinkotuko dituzten eguzki-energiaz elikatutako paperontzi adimendun berriak instalatuko dira; eta Getxo udalerriko hondartzak Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen garbiketa-zerbitzuan sartuko dira.

"Berrikuntza horiek etengabeko gure hobekuntza-prozesuaren barruan sartzen dira. Bizkaian geure buruari ezarri diogun helburua bikaintasuna da. Gure hareatzetako erabiltzaileek kalifikazio oso altua, oso ona, ematen diete eskaintzen ditugun zerbitzuei. Eta hori horrela izan da baita covid-ak gure hareatzen erabilera goitik behera aldatu duen azken urte bi hauetan ere.  Dena dela, kalifikazio hori gorabehera, erronkak ezartzen jarraitzen dugu. Gure asmoa gauzak hobeto egiten jarraitzea da, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea", adierazi du Amaia Antxustegik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.

Denboraldia ekainaren 1ean irekiko da, eguaztenean, eta, ohi bezala, irailaren 30era arte iraungo du.

Antxustegik adierazi du, halaber, ez direla alde batera utziko orain arte emaitza onak eman dituzten alderdiak: "Gure hareatzetako segurtasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, 154 sorosle eta hondartzainez osatutako talde batekin. Gure garbiketa-estandar altuak mantentzen ditugu, eta aurten egunero 91 profesional izango dira garbiketa-lan horietan esku hartuko dutenak. Lehen mailako ekipamenduak eskaintzen ditugu". Eta herritarrei dei egin die naturgune horiek zaintzen laguntzeko, "gure eslogan berriak dioen bezala, hondartza guztiona delako. Guztiona da gozatzearen plazera eta, era berean, zaintzeko betebeharra".

Lagundutako bainua

Lagundutako bainu-zerbitzua Bizkaiko sei hondartzatan emango da: Arena, Ereaga, Laidatxu. Plentzia-Gorliz, Isuntza eta Arrigorri, baina aurten bi berrikuntza garrantzitsu izango ditu: irailera arte luzatuko da, eta BizkaiUp foru-aplikazioaren bidez hitzordua erreserbatzeko zerbitzua jarriko da abian  bainurako. Hala ere, erabiltzaileen erregistroa aurrez aurre egingo da hareatzetan  zerbitzua emateko prestatutako karpan.

Baliabide eta altzari berriak

2022ko denboraldi honetan erregai alternatiboz elikatutako ibilgailu berriak izango dira sorospeneko eta istripuen prebentzioko zerbitzurako. Gainera, gehien urbanizatutako hondartzetan, erabiltzaileek sortzen dituzten hondakinak biltzeko ohiko paperontziakaz batera, paperontzi adimendunak jarri dituzte –bata ontzietarako eta bestea gainerakoen zatikirako–, eguzki-energiaz elikatuak eta hondakina trinkotzen dutenak; horrela paperontzi adimendun horien kasuan edukiera paperontzi arruntenen halako 6-8koa da. Paperontzi horiek 11 hareatzatan daude: la Arena, Ereaga, Arriatera-Atxabiribil, Plentzia, Gorliz, Bakio, Laidatxu, San Antonio, Laida eta Laga, Isuntza, Karraspio eta Arrigorri.

Hondartzetarako sarbideetan dauden informazio-kartelak ere berritu dituzte, irakurketa errazeko irizpideen arabera itxura aldatuz eta horietan agertzen diren erreferentziak eta loturak eguneratuz.

Sorospeneko eta istripuen prebentzioko zerbitzua

Guztira, 154 uretako soroslek eta koordinazio-lanak egingo dituzten beste 15 pertsonak osatuko dute Istripuak Prebenitzeko, Sorospeneko eta Asistentziako zerbitzua emango duen giza taldea. Egunero zonako 7 koordinatzaile, koordinatzaile nagusi 1 eta 88 sorosle egongo dira zerbitzuan, honela banatuta: 7 Arenan, 2 Areetan, 5 Ereagan, 4 Arrigunagan, 3 Gorrondatzen, 5 Barinatxen, 7 Arriatera-Atxabiribilen, 2 Muriolan, 4 Plentzian, 6 Gorlizen, 2 Armintzan, 7 Bakion, 2 Aritzatxun, 2 Laidatxun, 2 Toñan, 4 San Antonion, 6 Laidan, 4 Lagan, 2 Ean, 2 Ogellan, 3 Isuntzan, 5 Karraspion  eta 2 Arrigorrin.

Zerbitzu horretako pertsonek erabiliko duten erreskate-materiala hondartzen ezaugarrien araberakoa izango da, baina honako hauek izango dituztela aipa daiteke: 13 ontzi, uretako 8 motor, 13 buggy (8 elektriko), 3 quad, GLP gasezko 4 lur orotako ibilgailu, 11 turismo (1 elektriko, 8 hibrido eta 2 gasezkoak). Horiek ez ezik desfibriladore erdiautomatikoak, glukometroak, pulsioximetroak, ohatilak eta hondartzetan behar duten pertsonei laguntza emateko beharrezkoak diren elementu guztiak dituzte.

Sorosle-taldeagaz batera, hondartzetako segurtasuna zainduko dute 14 hondartzainek.

Garbiketa, mantenua eta ekipamendua

Hondartzak garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuak 91 pertsona hartu ditu ekainetik irailera bitartean, ordutegi desberdinetan. Pertsona horiek honako osagarriak dituzten ekipo mekanikoakaz egiten dute lan: 11 makina hondartza-garbitzaile handi, 3 kamioi, 2 furgoneta, 12 traktore, 3 ekortzeko makina, kaxa irekiko kamioi bat mantentze-materiala garraiatzeko, 9 pick-up 4x4 (horietako bat plataforma jasotzailearekin) eta eskuzko 5 bahekari.

Denboraldi honetan zehar ez da paperontzirik edo bidoirik jarriko hareatza inguruan. Biltegi horiek hondartzetarako sarbideetan egongo dira. 380 paperontzi eta 42 bidoi instalatuko dira hondakinak biltzeko, baina kopuru hori aldatu egin daiteke antzematen diren beharren arabera.

Gainera, eta berrikuntza gisa, aurten, Getxoko hondartzak Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen garbiketa-zerbitzuan sartuko dira.

Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten 84 dutxa (330 ihinztagailu), 76 iturri/garbitegi, eta desgaitasuna duten pertsonentzako 6 iturri eta eserleku 1 jarri dira; halaber, 367 parrilla-plataforma eta egurrezko pasabideen 1.920 metro jarri dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun