Mankomunitateko iturriek azaldu dutenez, BZB birziklatzeko lantegian udalerrietako edukiontziak bildu eta materialen arabera sailkatzen dituzte: PEAD, PEBD, PET, tetra-briks, aluminiozko ontziak, plastiko nahasketa, altzairuzko ontziak eta kartoi-papera, bezalako beste produktu batzuk. Behin bereizketa eginda, frakzio bakoitza fardoetan prentsatu eta dagokion birziklapen-kudeatzailearengana bidaltzen dute. Bizkaiko konpostegira, aldiz, edukiontzi marroietan biltzen diren hondakin organikoak eramaten dituztela jakinarazi dute, bertan, konpostaje-prozesua egiten dute konposta lortzeko.
Mankomunitateko Ekogune Sailak antolatutako jardunaldian parte hartu zuten udal-kideek aipatutako azpiegitura bien funtzionamenduaren nondik norakoak ezagutzeko eta ulertzeko aukera izan zuten.