Helburu horrek barneratzen dituen kontzeptuak asko dira, hala nola hondakinak, mugikortasuna, irisgarritasuna, gune berdeak, gune seguruak, kutsadura edo oinarrizko zerbitzuak. Ikasleek horietako hiru garatu dituzte 2021-2022 ikasturtean: gune seguruak, irisgarritasuna eta espazio berdeak. Gai horiek aukeratu dituzte Eskola Agenda 2030eko zeharkakotasuna lantzeko, hain zuzen ere. Horretarako, Sopela eta Plentziako herrietako hirigintzan, jasangarritasuna eta irisgarritasuna era egokian txertatuta dagoen aztertu gura izan dute, azterketa hori ikastetxeen patioetara ere luzatu dutelarik.
Diagnostiko horiek egin aurretik, jardunaldi tekniko bi ere egin dituzte: alde batetik, LUR Estudioko teknikariak joan ziren zentroetara hirigintzan berdintasuna eta jasangarritasuna ikertzeko jarraibide batzuk azaltzera, eta, beste batetik, Bidaideak erakundeko zuzendaria eta Bidaideak Bilbao BSR saskibaloi-jokalari bat gonbidatu zituzten, irisgarritasunari eta gaitasun berezien inguruko hitzaldia emateko. Bidaideak erakundeari esker, herri diagnostikoa egiteko irteeran hainbat ikasleek gurpildun eserlekuak erabili ahal izan zituzten, nor bere buruan sentitzeko egunerokoan aurkitu daitezkeen oztopoak.
Ikasturte amaieran, beste jardunaldi bi egin dituzte: bat itsasoa eta plastikoaren ingurukoa, Goazenup Elkarteko kideen eskutik; jardunaldi horretan ikasleek Kahoot baten bidez plastikoek itsasoan daukaten eragina ikusi ahal izan zuten eta Goazenup-ekoek sariak banatu zituzten egin zuten lehiaketako irabazleen artean. Azken jardunaldian, GERTU Elkartea eta JAIKI Surf Eskolako ordezkarien parte hartzea izan zuten, baita surf egokitua egiten duten hiru surflari (Irune, Axel eta Sergio), bakoitzak bere esperientziak kontatu zizkieten eta euren gurasoen testigantza ere jaso zuten, "ikasle, irakasle eta gerturatu ziren guztiak hunkituz", adierazi dute Mankomunitateko iturriek.
Ikasturtea amaitzeko, Sopelako eta Plentziako udalei zentroek egindako lana aurkeztuko dizkiete, ikasleek hartutako konpromisoak udalei bideratuko dizkietelarik. Azaldu dutenez, Eskolako Agenda 30, ikastetxeek hartzen duten konpromiso bat da, ikastetxeko eta ikastetxearen inguruko iraunkortasunaren eta hezkuntza-kalitatearen alde lan egiteko. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du.