Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitatea lehenengo urratsak ari da ematen eskualdeko gizarte zibilagaz, emakumeakaz eta gizonakaz, modu mistoan zein ez mistoan, sentsibilizazio eta kontzientziazio feministan eta indarkeri matxistaren prebentzioarentzako proiektu bat garatzeko.
Mankomunitaeko Berdintasun Sailak, emakumeen hainbat erakunde eta elkarteren laguntzagaz, eskualdeko udalerrietako emakumeentzako eta beste identitateentzako prestakuntza eta topaketa feministarako gune bat bultzatu gura du. Topaketa eta ikaskuntzarako, emakumeen ahalduntze indibidual zein kolektiborako eta Uribe Kostan sare feminista bat aktibatzeko eta dagoena indartzeko gunea, tailer, ikastaro eta bestelako jardueren bidez, hain zuzen ere.
Era berean, gizonek hausnartzeko eta maskulinotasun hegemonikoak beren bizitzetan duen eragina zalantzan jartzeko eremu propioa izateko beharra ere ikusi dute. Azken finean, hausnarketarako, topaketarako eta ikaskuntzarako beste gune posible bat sortu gura dutela azaldu dute, tailer, ikastaro eta ekimen desberdinen bidez.
Eremu horiek modu parte-hartzailean eraikitzeko eta errealitate berri horri ahalik eta hobekien erantzuteko, galdetegi batzuk egin dituzte. Galdera-sorta horrek diagnostiko eta pista gisa balioko die programa konfiguratzeko, eta horregaz batera, topaketa, gogoeta eta prestakuntza-esparruak. Formulario horiek uztailaren 3ra arte egongo dira aktibo.