Pirinioetako Bidea

Euskal Herriaren eta Kataluniaren “borondate demokratikoa" errespetatzea exijitu zuten zapatuan

Iker Rincon Moreno 2022ko uzt. 6a, 14:21

Euskal Herriko eta Kataluniako milaka lagunek bi herrien arteko argi-lerroa egin zuten joan den zapatuan, uztailaren 2an, Pirinioetako Bidea ekimenean, autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzeko. Horretarako, mendilerroko 300 gailurretik gora gainditu eta argiak piztu zituzten iluntzean; Uribe Kostako ekintzaileei Irulegiko Jara mendia argiztatzea egokitu zitzaien, Nafarroan, besteak beste. Hona hemen egun aldarrikatzaile horrek utzitako irudi ikusgarriak.

Jaizkibel (Gipuzkoa) Cap de Creusera (Girona) arteko Pirinio guztiak argiztatu zituzten zapatuan, hilaren 2an. Bi puntuen arteko 430 kilometroak gaindituta, argi-lerro erraldoi bat osatu zuten milaka eta milaka katalan eta euskal herritarrek, 40 kilometrotara eta 360 gradutan ikus zitezkeen farol bereziak eta linternak erabilita.

Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra izan da Pirinioetako Bidea. Gure Esku, ANC Assemblea Nacional Catalana, Omnium Cultural, Artistes per la República eta FEEC Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunyak sustatu dute, eta epe luzerako elkarlan baten abiapuntua izango dela ziurtatu dute.

“Euskal Herriko eta Kataluniako indarrak bilduta, Pirinio osoa argiztatzeko gai izan gara, eta elkarlanean eta indarrak batzen jarraitzen badugu, gure helburuetan aurrera egiteko gai izango gara”, adierazi zuen ekimena hasi aurretik Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileak Guils-Fontanera eski nordikoko estazioan (Guils de Cerdanya, Herrialde Katalanak) egin zuten ekitaldi politikoan. “Euskaldunak eta katalanak jendearen ahalmena erakusten ari gara. Pirinioetako gailurretan dagoen argi bakoitza gure herrien burujabetza eta askatasunaren bidea argiztatzen duen izar bat" izan da, Alvarezen hitzetan.

ANCko lehendakari Dolors Feliuk ere hartu zuen hitza: “Europan inoiz proiektatu den izaera politikoko ekintza artistikorik handiena da. Aktibismoa eta sorkuntza artistikoa elkarri lotuta, oroimenean iraungo duen ekintza, kontakizun poetiko eta politikoa”. 

Ekintza ikusgarri horregaz, nazioarteko komunitatearen arreta bereganatu gura izan dute herrien autodeterminazio eskubidearen alde. “Katalunian eta Euskal Herrian burujabetza osoa nahi dugu, gure etorkizuna askatasunez erabaki eta eraiki nahi dugu”, azaldu zuen Feliuk. Alvarezek, berriz, “herrien borondate demokratikoa errespetatzea” exijitzen dutela esan zuen, eta Pirinioetako Bideak “mugen ikuspegi demokratikoa” ere aldarrikatzen duela erantsi zuen: “Mugak demokratikoki erabaki behar dira, botoen bidez, eta ez inposizio, indarkeria edo gerraren bidez”. Ildo horretan, Feliuk salatu zuenez, Espainiako Estatuak "errepresioa eta bide antidemokratikoak erabiltzen ditu herritarren borondate demokratikoa gauzatzea oztopatzeko, eta eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta kulturalak urratzen ditu".

Pirinioetako Bidearen antolatzaileek argi utzi gura izan dute ekintza “lorpen izugarria” izan bada ere, bidea urratzen jarraitu beharko dutela partekatzen dituzten helburuak erdietsi arte. Amalur Alvarez: “Gure herrientzat etorkizun aske eta burujabe bat lortu arte ez dugu atsedenik hartuko. Gogoko helburuan, aldaparik ez”. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun