Zuokaz, geugaz, berriro ere

HIRUKA 2022ko uzt. 6a, 15:50

Aurten, bai. Urte biko itxaronaldiaren ondoren bueltatu dira udako jaiak gure herri, auzo eta kaleetara, normaltasun osoz. Pandemiak utzitako lehorteak festen uholde batek kala-kalata utziko ditu gure bazterrak, eta, horregaz batera, urteotan guztiotan ezin ikusitakoakaz bildu ahalko gara berriro ere, jairik jai. Festen ekosistema bueltan da eta, horregaz batera, udako aldizkari berezia!

Irri eta algaretarako uneak izango ditugu hilabeteotan, baina, halere, ezin atzean utzi ospakizunoz gozatzerik izango ez dutenak, bidean galdutakoak, ezta ahaztu ere jai guztiok posible egiten dituzten gizon-emakume eta jai-batzorde denak ere. Biba zuek! Azken horiek, urteotako hutsunea betetzeko eta ospakizunok berreskuratzeko ahalegin izugarriak egin behar izan dituzte hilabeteotan, etorkizunak zer ekar dezakeenagaz zalantzaz beteta; eta, HIRUKA 185 zenbaki bereziko orrietan ikusi ahalko duzuenez, badira lerrook idazterako egitarauak garaiz finkatzerik izan ez dituztenak, izan udalen trabengatik, izan jende faltagatik, besteak beste. Halere, ez izan zalantzarik, jaiak egon egongo dira, eta horien berri emango dizuegu HIRUKA komunikazio-taldeko kanal guztietan. 

Elkar festan, kalean, auzoetan ikusiko dugulakoan... Jai zoriontsu, adeitsu eta osasuntsuak izan ditzazuela.

Ondo pasa eta goza ezazue!!!

Oharra: HIRUKAlagunek daborduko ikusgai duzue online aldizkaria; gainontzekoek, bihartik, eguenetik aurrera izango duzue eskuragarri, ohiko tokietan, eta, barikutik aurrera, online ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun