Urte bi igaro dira azkenengo jai "normalak" antolatu zenituztenetik. Gogoak dituzue kaleak dantzan jartzeko berriro ere?
Bai, noski; irrikan gaude; herriak jaiak behar ditu.
Zelakoak izaten ari dira jaiok antolatzeko lanak?
Borrokan eta gogotsu ibili arren jaiak prest edukitzeko, egia esan, oso gogorra izaten ari da prozesua. Izan ere, udaletako burokrazia gogortzen hasi da aurten, traba asko jartzen, eta gero eta zailagoa izaten ari zaigu herriko jaiak antolatzea. Ulertzen dugunaren arabera, traba horiek guztiek helburu bat dute udaletako baten eta Babes Zibilaren partetik, eta hori da gaur egun dugun herriko jaien moldearekin amaitzea.
Pandemia garaian ere ez zarete geldirik egon, eta birtualki bada ere, jai giroa mantentzen saiatu zarete. Zelako balorazioa egiten diozue horri?
Udalerria zegoen bezala zegoen, eta, oinarrian, gure motibaziorik handiena zen Getxoko Udalak zabaldu zuen diru-laguntza jasotzea kultur eragileei laguntzeko; izan ere, jaiak eta ekitaldiak bertan behera egonda, lanik gabe ibili dira bi urte horiek. Beraz, esan bezala, horixe izan da gure motibaziorik handiena; izan ere, jai birtual batzuk ez dira guk nahi eta egin ohi ditugun jaien parekoak.
Aurten, inoiz baino gogotsuago hartuko dituzte auzokideek ospakizunak. Zer duzue prestatuta eurentzako? Zerbait berezirik duzue buruan?
Egitaraua, orokorrean, beste urte batzuen antzekoa izango da; izan ere, jaiok finkatuta daude, jendea ohituta dago horiei eta hori bilatzen du; baina, egia esan, berritasun batzuk ere izango ditu, bai. Adibidez, aurten zuzeneko bakarrizketak izango ditugu, eta, gainera, bestelako kultur eredu baten aldeko apustua egiten saiatzen ari gara. Azken finean, guk ahalik eta programarik zabalena egin nahi dugu.
Zelan definituko zenituzkete Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaiak?
Herriko jaiak dira, parte-hartzaileak, belaunaldiartekoak eta, batez ere, oso festazaleak. Romo is diferent.
Diozuen bezala, festok, nolabait, bereziak dira, eta, gainera, bi udalerri ezberdinetako auzo bi batzen dituzte. Zelakoa da udal biakaz duzuen koordinazioa?
Bi udalen arteko koordinazioa kudeatzea da zailena; egia da batek besteak baino erraztasun gehiago eskaintzen digula, gobernu-talde biak alderdi berekoak izan arren; oso arraroa da. Halere, oso zaila da gauza guztiak legalki eskatzen dizkiguten bezala antolatzea eta betetzea.
Zenbat lagunek osatzen duzue jai-batzordea gaur egun?
Etenaldiak eragina izan du horretan? Hau da, jendea batu edo "jubilatu" egin da? Gaur egun, 11 pertsona gaude jai-batzordean, eta, duela 10 urte, aldiz, 25; pentsa. Egia da pandemiaren ondoren jende batek alde batera utzi duela jai-batzordea, bakoitzak bere zereginengatik.
Zer esango zeniekete auzokideei festetan parte hartzeko?
Datorren jendeari baino, gure ustez beharrezkoa duguna da jai-batzordera jendea batzea. Festara batzeko ez dago inor gonbidatu behar; horiek antolatzeko, ordea, bai. Zailagoa da.
Ohi bezala, kuadrillak izango dira jaietako bihotza eta arima. Zenbatek parte hartuko dute aurten ospakizunetan?
Uste dugu hiruzpalau kuadrilla berrik parte hartuko dutela aurten, baina baten bat aurreko kuadrillen arteko batuketa izango da. Hala, orokorrean, txiki eta handien artean, 15-20 kuadrilla artean egongo dira.
Zergatik dira horren garrantzitsuak horiek jaietan?
Azken finean, esan bezala, jaien arima dira, eta behar-beharrezkoak dira jaietan, baita auzoko eragileak eta txosnak ere.
Zelan aurreikusten duzue izango direla 2022 honetako jaiak?
Zintzoki, larrituta gaude egon daitekeen segurtasunarekin. Gure kezkarik handiena, gauzak ondo irten ala ez baino, egon daitezkeen eraso matxistak dira. Jaietan emakume askok askotariko eraso matxistak pairatzen dituzte, zoritxarrez, eta horixe da gure kezkarik handiena. Hori dela eta, protokolo eta ekintza ezberdinen bitartez, horiek ekiditen saiatuko gara, eta, beharrezkoa denean, erasoa pairatu duten pertsonei laguntza eskaini.