Administrazio publiko modernoago eta herritarrengandik hurbilago bat bultzatzen jarraitzeko asmoa berretsi du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, eta, horretarako, katalogo digital integral bat argitaratu du, eskualdeko bizilagunei eskaintzen dizkien zerbitzu guztiak biltzen dituena.
Plataformak zerbitzuen 40 fitxa baino gehiago eskaintzen ditu, dagozkien izapideetarako informazio eta sarbide guztiakaz, modu erraz eta laburtuan. Fitxa horiek sei arlotan sailkatu dituzte: Mankomunitatea, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Euskara, Kontsumoa eta Iraunkortasuna. Azaldu dutenez, gaikako banaketa hori oso baliagarria da erabiltzaileentzat edukiak antolatzeko unean.
Azaldu dutenez, zerbitzuak, edukiak eta dokumentazioa antolatzeko lanek proiektuan parte hartu duten Mankomunitateko sail guztien ahalegin handia eskatu dute. Informazioa aurkitzeko plataforma moderno, intuitibo eta praktiko bat diseinatzen saiatu da, kudeaketa-prozesuak arin azaltzeko eta dagozkion ekintzak modu sinple eta errazean gauzatu ahal izateko.
“Mankomunitatean ditugun baliabideak eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatzea gure lehentasuna izan da beti. Online zerbitzuen gida hau oso urrats garrantzitsua da Mankomunitatearen eta herritarren arteko harremanak indartzeko. Auzotar gisa, gestioak egiteko orduan praktikoagoak izateko aukera ematen digu, ordutegien eta joan-etorrien mende egon gabe, adibidez. Eta, gainera, baliabideak optimizatzen ditugu; izan ere, gestioak modu autonomoan egiten dituztenek bulegoko baliabideak liberatzen dituzte, eta hala, modu presentzialean eskaintzen ditugun beste zerbitzu batzuk eman ahal ditugu”, nabarmendu du Josu Landaluzek, Mankomunitateko presidenteak.
Horregatik guztiagatik, zerbitzuen katalogo hau Uribe Kostako herritarrek Mankomunitateari eska diezazkioketen zerbitzuen ezagutza eta sarbidea hobetzen lagunduko duen tresna bihurtu
gura du erakundeak. “Eskualdeko egunerokotasunean presentzia handia duen erakunde aktiboa, bizia eta modernoa gara. Horrela, Mankomunitatea ere egokitu egiten da eta egungo gizarteak planteatzen dizkigun erronka eta beharrei erantzuten die”, adierazi du Landaluzek.
Laburbilduz, herritarrentzako arreta eta zerbitzu-kanal tradizionalez gain, orain, informazio eta kudeaketa-bide bat gehiago du Mankomunitateak, zuzeneko kanal autonomo bat, eskualdeko herritar guztiek jada erabili dezaketena.
Zerbitzuen katalogoa https://katalogoa.uribekosta.eus webgunean dago eskuragarri, eta www.uribekosta.eus webgunearen atarian ipiniko duten banner baten bidez ere sar daiteke.