Hilaren 23tik urriaren 2ra bitartean, EAEn Asteklimaren hirugarren edizioa egingo da, Klimaren eta Energiaren Astea, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako ekimena da, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bitartez, eta beharrezko trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean herritarrak kontzientziatzea eta mugitzea du helburu.
Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan herritarrei ekintzara deitzeko xedea dauka, eta, zentzu horretan, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak basoberritzeari eta biodibertsitatearen galerari buruzko antzerki bat antolatuko du egun horietan. Ekintza horren bidez, 7. eta 13. Garapen Jasangarrirako Helburuak, Energia Irisgarria eta Ez Kutsagarria eta Klimaren Aldeko Ekintza ezagutzera emango dituzte, hurrenez hurren.
Horretarako, Astekliman zehar, udalerri bakoitzean antzerki-saio bat antolatuko dute, Irupé, ilargia ukitu nahi zuen neska izenekoa: Berangon, Lemoizen, Gorlizen, Plentzian eta Urdulizen, kasuan kasuko ikastetxeetako umeei eskainiko diete emanaldia. Sopelan eta Lemoizen, aldiz, antzezpenak publiko osoari irekita egongo dira, kultur etxeetara hurbildu gura duten guztientzat. Lehenengo emanaldia Lemoizen izango da, irailaren 24an, zapatua, 12:00etan, Armintzako kultur etxean. Sopelan urriaren 1ean, zapatua, arratsaldeko 18:00etan izango da Kurtzioko Kultur Etxean. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.
Sinopsia
Irupé, tximeletaz, erleez eta txoriz inguratutako baso natibo batean bizi da; oso zoriontsua da han, basoak bizitzeko behar duen guztia eskaintzen dio. Baina egun batean gizon batzuek su ematen diote mendiari. Neskaren bizitza erabat aldatzen da, maite duen guztia galtzen baitu. Irupék basoa berriro basoa izatea gura du. Horregatik gauero zuhaitz baten gainera igotzen da eta ilargia ukitzen saiatzen da bere nahia bete dezan, mendia berriro mendi izan dadin. Ilargiak bere nahia beteko du? Iraupena: 40 minutu.