Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Berdintasun Sailak 2022-2023 ikasturteko Lilaguneko tailerrak jarri ditu martxan Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren bitartez. Tailerrak doakoak izango dira, baina parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da. Gainera, zehaztu dute plazak mugatuak izango direla, eta izen-ematearen arabera esleituko direla, Uribe Kostako Mankomunitateko udalerrietan erroldatutako emakumeei lehentasuna emanez.
Tailer horietara joan gura duten eta seme-alabak zaintzeko inor ez duten pertsonentzat, haurtzaindegi-zerbitzu bat ere izango da, tailerretako saioakaz batera. Inskripzioa egiteko unean eskatu beharko da, adingabeen kopurua eta adinak adierazita.
Zehaztu dutenez, eskainiko dituzte zortzi ikastaroak eta jarduerak mota guztietako ikasleentzat daude zabalik. Hauek dira eskainiko dituzten tailerrak: antzerki-tailerra, zoru pelbikoa indartzeko tailerra, Ekarri zure nezeserra. Kontsumitzen duzuna aztertuko dugu (kosmetika kontzientea), Mindfulness eta ahalduntzea, batukada feminista, ahalduntzeko artea, Haurdunaldi subrogatua edo alokairuko sabelak? Alde onak eta txarrak eta Emakume zaharren manifestua, Mari Luz Esteban.
Izena emateko epea urriaren 6ra arte egongo da zabalik, hala ere, epe hori laburragoa izango da zoru pelbikoa indartzeko tailerraren kasuan, irailaren 28ra arte izango baita. izena emateko mezu elektroniko bat bidali beharko da lilagune@uribekosta.eus helbidera, 9467 62 674 telefonora ere deitu daiteke edo whatsapp bat bidali 616 470 653 telefono-zenbakira. Tailer bakoitzari buruzko xehetasun gehiago aurkitu daiteke Mankomunitateak argitaratu duen dokumentu honetan.
Gaineratu dutenez, Lilagunek dituen helburuei erreparatuz, emakumeen ahalduntze-prozesuak sustatu gura ditu, maila indibidualean zein kolektiboan. Alde batetik, banakako ikaskuntza eta kontzientziazio- prozesuak erraztea da erakundearen helburua, eta, bestetik, emakumeen sareak ehuntzea, gizartean parte har dezaten bultzatzeko.