Aste-akabu honetan, urriak 1 eta 2, mundu osoko bazterretatik ekarritako hainbat landare erakutsi eta salduko dituzte Munduko Landareen VI. Azokan. 2015ean egiten hasi zen landare-ekoizleen bilgune honen helburua da erakusleiho bat eskaintzea eta merkataritzarako harremanak hobetzea, eta, aldi berean, landare-hazkuntzako tekniken eta ezagutzen berri ematea.
Horretarako, 40 ekoizlek beren landareak erakutsiko dituzte Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campuseko Arboretumean. 19 hektareako azalera duen interes botaniko handiko gune hori 2008an inauguratu zen, eta, bertan, mundu osoko 130 espezietako 1.700 zuhaitz aurkitu daitezke.
Azokagaz batera, alde batetik, Arboretumeko anfiteatroan Martintxune deitutako interes bereziko guneen berreskuratzerako landare-erakusketa egongo da, eta, bestetik, txosna bat ere jarriko dute inguruko produktuak dastatzeko.
Azokaren antolatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira, eta laguntzaileak, berriz, Leioako eta Erandioko udalak eta BBKren Gizarte Ekintza.
Bertaratzeko, Erandioko eta Leioako udalek autobus-zerbitzu berezia ezarriko dute aste-akabuan, hala, bertara heltzeko E!Busa eta Lejoan Busa zerbitzuek doako bidaiak egingo dituzte ordu erdiro, goizez zein arratsaldez.