'Txiki', Otaegi eta FRAPEko hiru militanteen hilketak gogoan izan dituzte Uribe Kostan

Erredakzioa 2022ko ira. 29a, 12:04

Erandioko elkarretaratzea. © SORTU

Martitzenean, irailak 27, 47 urte bete ziren 1975ean Frankismoak Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante fusilatu zituenetik. Data hori "nazio askapen mugimenduarentzat erreferentziazko eguna" delakoan, Sortuk hainbat ekimen burutu zituen eskualdean, "Independentziarako indarra!" lemapean.

Herenegun, irailaren 27an, ehunaka lagun batu zituen ezker abertzaleak Erandion, Leioan eta Algortan antolatutako ekitaldietan, "anbizioa eta itxaropena proiektatu guran". Elkarretaratze horietan, gogoan izan zuten "Txikik, Otaegik eta haien belaunaldiak itxaropena" ekarri ziola Euskal Herriari: "Haien borrokari esker pentsaezinak ziren eskubideak dauzkagu, inoizko baldintzarik aldekoenak, eta gure helburuetatik hurbilago gaude”.

Algortan, txalaparta doinuakaz eman zioten hasiera ekitaldiari, eta bertaratutakoek lore-eskaintza egin zieten "Euskal Herriaren alde ekarpen maila ezberdina eginez borroka egin duten herrikide guztiei”. San Nikolas (Txiki Otaegi) plazan egindako ekitaldian, Sortuko bozeramaileek “etsipenaren aurrean, orain dela bost hamarkada bezalaxe, esperantza eta anbizioa” behar direla nabarmendu zuten. Gauzak horrela, borrokarako deia egin zuten, “kaleetan zein instituzioetan”. Mezu sendoa plazaratu zuten, “herri hau zutik jarri beharra” dagoela iritzita, “independentzia, askatasuna eta justizia soziala lortzeko”.

Erandion, aldiz, itsasadarrean jarri zuten hitzordua, eta dozenaka kide hurbildu ziren oroitzapen ekitaldira. Euskal Herriak bizi duen “salbuespenezko” egoerak erantzule zehatzak dituela salatu gura izan zuten, tartean IBEX-35a, armagintza-industria, Iberdrola, Petronor eta elite ekonomiko zein finantzarioak seinalatuz. “Erantzulea sistema kapitalista” bera dela ondorioztatu zuten. Hala ere, egoera horri irtenbidea emateko alternatiba badagoela aipatuz bukatu zuten ekitaldia.

Sorturen ustez, alternatiba “energia eta etxebizitza merkatuen interbentzioa, soldaten eta pentsioen igoera, aberastasunaren eta zaintza lanen banaketa erradikala, zerbitzu publikoen indartzea eta zaintza sistema publiko-komunitarioaren eraikuntza” dira. Alternatibari izena jarri gura izan zioten, “estatu propioa behar dugu, burujabetza aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala gauzatu ahal izateko. Azken finean, alternatibak izena du: independentzia eta sozialismoa”.

Leioaztarrak, euren aldetik, GALek hildako Eugenio Gutierrez Salazar Tigreren izena daraman plazan elkartu ziren martitzenean.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun