Arraunlaria

Jone Oliban: "Egin ditudan Kontxako Bandera batzuetan mutilen estropadetan baino lehia gehiago zegoen"

Ander Zarraga 2022ko ira. 30a, 12:51

Deustu Arraun Taldeko lemoiztarrak 18 urte daramatza arraunean, 12 urtegaz Arkoteko bateletan hasi zenetik. Emakumezkoen arraunaren bilakaeraren testigu eta bultzatzaile ere izan da urte horietan.

Zergatik hasi zinen arraunean?

Dei batengatik. Nire nebak arraunean egiten zuen Arkoten eta nire aita arraunean zebiltzan neska batzuen irakaslea ere zen. Egun batean, etxera deitu zuten eta esan zidaten arraunlari batek kale egin ziela eta arraunean joatera animatu ninduten. Ordutik 18 urte pasatu dira.

Hibaikan egon ostean Arkoten egon zinen, baina azken urteak Deustun egin dituzu. Zergatik?

Traineruan eta proiektu egonkor batean arraun egin nahi nuelako etorri nintzen, eta, Bizkaiko trainerua erori zenean, Gipuzkoara joan behar izan nintzen arraun egitea. Han bukatzean, Arkotera joan nintzen eta gero Deustura etorri nintzen, hemen bi urte zeramatzatelako nesken trainerua aurrera ateratzen. Klubaren apustua ikusi nuen eta nik beti Bizkaiko emakumeen arraunaren alde egin dudanez argi ikusi nuen ona etorri behar nintzela. Hiri bateko kluba izan arren, auzoko talde txikia da eta baliabide urriak ditu, baina ausartak izan ziren eta horretan aurrera egitea lortu dute.

"Bizkaian ematen du gogoa badagoela, baina Gipuzkoan ez bezala, hemen taldeak ez dira egonkortzen"

Emakumeen taldeak sortzen dira, baina asko ez dira mantentzen. Uste duzu hor dagoela gakoa? 

Bai, Bizkaian hori argi ikusi da, klub askok atera dituzte taldeak, baina gero desagertzen dira. Bizkaian ematen du gogoa badagoela, baina Gipuzkoan ez bezala, hemen taldeak ez dira egonkortzen. Gipuzkoan transferentzia oso azkar eman zen eta selekzioetan lehiatzen hasi ginean bazeuden traineruak osatzen zituzten hiru klub, baina Bizkaian geunden talde guztien artean traineru bakarra ateratzen genuen.

Hala ere, orain, gauza aldatzen ari dela dirudi ez?

Bai, asko gainera. Ni hasi nintzenean asko jota Bizkaiko klub bakoitzean batel bat edo bi ateratzea lortzen geunen. Aldiz, aurten nik 22 neska entrenatu ditut Deustun, hori traineru bi dira. Eta jendeak deitzen jarraitzen du eta ezetz esan behar diegu ezin dugulako jende gehiagorik hartu.

Aitortu beharko duzu zu bezalako jendearen jarraipenari eta lanari esker sortutako joera dela.

Bai, uste du hori ere behar zela. Gipuzkoan ikusi nuen lortzen ari zirela, eta hemen ere lana egin behar zela neskak arraunera erakartzeko. Ni klub askotan egon naiz, eta Bizkaian bizi izan dut errealitate hori, batzuetan ez genuela lortzen ezta batel bat osatzea, hain zuzen ere. Ikusita horren alde egin ahal nuela ba aurrera ekin nion, ni ezin bainaiteke inplikatu barik egon.

Zu entrenatzailea ere zara, bilakaera hori belaunaldi berrietan nolakoa ari da izaten?

Kantitatean ikusi da eta Deustun batzuk trainerura ere igoko dira hurrengo denboraldian. Berezia izango da neska horiek nirekin arraunean egiten duten eguna, alde batetik, nagusia egiten ari naizelako, baina txikitatik prestatu ditudan neskak ondoan arraunean izango ditudalako. Erakutsi behar genuen neskok arazorik gabe egin ahal genuen zerbait zela, beti egon baita arrauna gizonen kirola zela esaten zuen diskurtsoa, baina hori aldatu da.

"Denboraldia oso luzea da, irailaren erdian amaitu genituen estropadak eta azaroaren 1ean beranduenez hasiko gara entrenatzen, eta hori denboraldia ez dela ekainera arte hasten" 

Zer da arraunaren parterik zailena?

Kirol gogorra da, azkenean asko entrenatu behar da, asko sufritzen da eta neguan kalean eta bustita egiten den kirola delako, baina gogorren egiten dena uda da. Udan, estropaden denboraldia asko disfrutatzen da, baina bakarrik dago hori, ez zoaz oporretan, ez jaian eta ezin dituzu planak egin. Gainera, denboraldia oso luzea da, irailaren erdian amaitu genituen estropadak eta azaroaren 1ean beranduenez hasiko gara entrenatzen, eta hori denboraldia ez dela ekainera arte hasten.  

Traineruen estropadetan gizonezkoen ibilbide erdia egiten duzue. Ados zaude horregaz?

Guk bi luze egiten ditugu eta eurek lau. Hor debate handia dago, Galizian adibidez neskek lau egiten dituztelako. Ez nuke jakingo esatea berdinduta dagoen ala ez, oso ezberdina delako bi edo lau luze egitea. Esfortzua ez da erdia, askok pentsa dezaketen moduan, gizonek beste entrenatzen dugulako, baina estropadetan metroen erdia egin arren, intentsitatea bikoitza da. Hala ere, ez dakit froga berdina egitearen aldekoa izango ote nintzen, ezberdinak direlako. Pertsonalki lau luze egitea gustatuko litzaidake, baina ez dakit emakumeen arrauna puntu horretan dagoenik oraindik. Guk neska gazte asko izaten ditugu traineruetan, neskok arrauna mutilek baino lehenago uzten baitugu; 40 urtera arte arraunean egotea ez da ohikoena, batez ere, ama izan nahi baduzu. Beraz, neskak lehenago hasten dira goi mailan arraunean, batzuk 16 urterekin hasten dira traineruetan eta horiek bateletatik datozenez, traineruetan bikoitza egitera pasatzea agian jauzia gehiegizkoa izan daiteke, eta horrek taldeak ahulduko ote dituen kezkatzen gaitu. Nik ez daukat argi, baina eztabaida hor dago.

"Lehen aurreiritzi asko zeuden, baina nik Hibaikarekin egin ditudan Kontxako Bandera batzuetan mutilen estropadetan baino lehia gehiago egoten zen. Jendeak produktu bat bezala ikusten gaitu ez erantsi baten moduan"

Hala ere, parekidetasuna lortu da gizonezkoen arraunagaz, ez duzu uste?

Bai, nik uste dut denborak eman digun zerbait dela. Gu ere lehiakorrak garela eta ikuskizuna eman dezakegula erakutsi dugu. Lehen aurreiritzi asko zeuden, baina nik Hibaikarekin egin ditudan Kontxako Bandera batzuetan mutilen estropadetan baino lehia gehiago egoten zen. Jendeak produktu bat bezala ikusten gaitu ez erantsi baten moduan. 

Arkote zure lehen taldea izan ze, nola ikusten duzu taldea aurten, egin duten denboraldiaren eta bizi duten egoera kontutan izanda?

Asko pozten naiz egin duten denboraldiagatik urte asko eman ditut han eta hoberena opa diet. Baina pena handia ematen dit bizi duten egoerak, ez dute merezi inolako konponbiderik gabe egotea, aurrera nola jarraituko duten jakin gabe. Oso zaila da jendea arraunera erakartzea, eta are gehiago egoera horretan egonda. Pentsa guk gimnasioan zenbat lan egiten dugun eta beraiek ez daukate behar bezala prestatzeko ezta gutxiengo instalaziorik. 

Etorkizun batean, egoera hobetzen denean, Jone Oliban Arkotera itzuliko dela uste duzu, entrenatzaile bada ere?

Ba ez dakit, orain neskak badaude, eta nik entrenatu nituen nesketariko batzuek hor jarraitzen dute eta gustatzen zait hor daudela ikusteak. Egoera aldatzen bada eta trainerua aterako balitz izan zitekeen, nik horren alde egin nahi dudalako, baina momentu honetan Arkote ez dago hor, naiz eta mutilen traineruan kriston lana egin duten. Hala ere, Bizkaiko lehen traineru femeninoa Arkotekoa izan zen ni nengoenean eta hori ere gogoratu behar da.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun