Eskualdean kalean bizi diren pertsonen erradiografia egingo dute

Ander Zarraga 2022ko urr. 13a, 12:17

Pertsona bat kutxazain batean lo egiten, artxiboko irudia.

Sortarazi elkarteak Erandio, Getxo eta Leioako kaleetan bizi diren pertsonen zenbaketa egingo du hilaren 26tik 27ra doan gauean. Ekimen horren helburua da EAEn etxerik gabe bizi diren pertsonen kopuruaren argazki ahalik eta fidagarriena lortzea; zeregin horretarako, elkarteko kideek adierazi dute oraindik boluntario bila dabiltzala.

Jarduera horren  bidez, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen zenbaketan oinarritutako diagnostiko soziala egitea da helburua. Horretarako, urriaren 26tik 27ra doan gauean hainbat boluntario kalera aterako dira 22:00etatik 02:00etara bitartean, eta kalean bizitzen diren pertsonak zenbat, eta prest badaude beraien egoerari buruz galdetuko diete. Ekimena EAEko 23 udalerritan gauzatuko dute, lurralde osoko errealitatearen lagin bat lortzeko.

Itxaso Urcelay Sortarazi elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, 2014tik bi urterik behin egin duten jarduera da, eta, dioenez, "zenbatzen ditugunak baino askoz gehiago daude". Oro har, denetarik dagoela azaldu du, baina eskualdean gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsona gehienek "arazo ekonomikoen ondorioz etxebizitza galdu dutelako edo bizileku bat ezin dezaketelako lortu, gaixotasun mentalak edo droga kontsumo-arazoak dituztelako daude kalean". Hemengoak zein atzerritarrak izan daitezkeela dio, eta horietako asko baliabiderik ez duten kanpoko gazteak direla zehaztu du: "Gazte atzerritar asko kalean bizi dira baliabideak dituzten arren inork ez dielako gura etxe bat alokatu".

Kalean bizi diren emakumeen egoera bereziki kezkagarria dela dio Urcelayk, oro har, gizon gehiago egon arren, horien egoera zaurgarriagoa delako: "Kalera heldu aurretik, indarkeria- eta abusu-egoera latzetatik pasatu ohi dira eta euretariko asko muturreko egoeretan heltzen dira kalera". Gaineratu duenez, behin kalean bizitzen hasten direnean, egoera horretatik irteteko geroz eta zailtasun gehiago izaten dituzte".

Hala ere, Sortaraziko koordinatzailearen esanetan, azken urteetan laguntza asko bideratu da kalean bizi den pertsona kopurua murrizteko, baina oraindik ikusezina izaten jarraitzen duen kolektiboa dira . 

Zenbaketa gaua

Aipatutako 26tik 27rako gauean, bikoteka banatuta boluntarioak eta Sortaraziko kideak auzoetatik ibiliko dira egoera horretan dauden pertsonak bilatzen; kalean, kutxazainetan, arkupeetan... Pertsona horiek prest badaude, eurekaz berba egin eta beraien egoerari buruzko datuak erregistratuko dituzte; izan ere, elkartekoek azaldu dutenez, "dirudiena baino errazagoa da, taldean egiten baita".

Horren aurretik, jarduerari buruzko informazioa emateko batzarrak egingo dituzte Getxon, Erandion eta Leioan, hilaren 18, 19 eta 20an, hurrenez hurren. Batzarrak Getxoko San Martin elizan eta Leioako Sortaraziren egoitzan egingo dituzte 19:00etatik 21:00etara.

Zenbaketa gau berean hiru udalerrietan egingo dutenez, 160 boluntario inguru beharko dituztela kalkulatu du Urcelayk, eta oraindik jendea falta zaiela jakinarazi du. Horretan parte hartzeko, elkarteagaz harremanetan jarri daiteke euren webguneko kontaktuen bidez, 676 541 617 telefonora deituz edo sortarazi@sortarazi.org helbidera idatziz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun