Urriaren 19tik 21era

Sopela surfaren munduko ekintzaileen erdigunea izango da

Erredakzioa 2022ko urr. 17a, 12:22
Garazi Sanchez surflari profesionala Surf Business Meeting-aren aurreko edizio batean. © SBM

Seigarren urtez, Sopelako Udalak, Enplegu eta Ekonomi Sustapen Sailaren bitartez, Surf Business Meeting ekimena jarriko du abian, bertako profesionalak eta surfa eta irristatze kirolen sektoreko ekintzaileak inspiratzeko eta laguntzeko helburuagaz. 

Surf Business Meeting ekitaldiak surfaren industriarako gaurkotasuna eta interesa duten ekimenak eta gaiak programatu gura dituela azpimarratu dute antolatzaileek; horretarako, erreferentziazko profesionalen arteko hitzaldien eta topaketen bidez jardunbide egokien trukea eta erakusketa sustatuko du.

Surfaren industria sustatzeko helburuagaz 2019an Sopela eta Getxo udalerrien artean ezarritako lankidetza dela eta, azken bi edizioetan egin den bezala, programa zabalagoa eta guztiz interaktiboa eta dinamikoa proposatuko dute aurten ere, enpresen lehiakortasunari eta Getxo eta Sopela udalerrietan programaren garapenari lotutako atal berriakaz, hain zuzen.

Programazioa 

Urriaren 19an, eguaztenean, beste urte betez, industria horri lotutako Bizkaiko enpresa eta mikroETEen zentro aitzindaria den Getxo Itsas Huben emango diote hasiera ekimenari networking profesional bategaz. Networking horretan, lurraldeko hainbat enpresak hartuko dute parte, aholkularitza pertsonalizatua eskainiko duen industriako aditu baten laguntzagaz.

Urriaren 20an, eguena, Sopelako Kurtzio Aretoa izango da protagonista, surfaren industriaren nazioarteko eta puntako lau hitzaldi egingo baitituzte bertan. Biomaterialez, iraunkortasunaz, merkatuaz eta berrikuntzaz hitz egingo dute bertan.

Urriaren 21ean, barikuan, lehen aldiz eta erakundeen laguntzaile berriei esker, Sopela Surf Business Meeting Bizkaiko hiriburura egingo du salto, Bilboko Itsasmuseumean foro ireki eta profesional bat eskaintzeko. Foro horretan, Bizkaiko surfaren sektoreaz gain, Kantabria, Asturias eta Galizia inguruko erkidegoetako industriaren ordezkaritzak ere gonbidatu dituzte.

Gogoratu behar da Sopelako Enplegu eta Ekonomia Sustapen Sailaren apustua foro irekia eta doakoa dela eta jardunaldi bakoitzean parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko dela ekitaldiaren webgune ofizialaren bidez. Gainontzeko programazioa eta jardunaldiei buruzko xehetasun guztiak esteka honetan ikusi daitezke.

Sendotzea 

Teresa Fernandez Sopelako Udaleko Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak hitzetan, “Surf Business Meeting aukera paregabea da ekintzaileentzat eta sektoreko enpresentzat, ezagutza zabaltzeko eta beren proiektuak garatzeko harreman interesgarriak ezartzeko.

Zinegotziak nabarmendu duenez ekitaldiak, "ezagutza trukatzea eta surfaren sektoreko eragileak elkartzea bilatzen du, baita industriaren balio-kate osoa ere: ekoizleak, ondasun eta zerbitzuen hornitzaileak, banatzaileak, ezagutza- eta prestakuntza-eragileak eta abar. Horrela, lankidetzarako espazio egonkor bat sortuko da, balio partekatua sortzeko helburuagaz. Azken batean, topaketa honen helburua surfaren industria indartsua indartzea da, Sopela nazioarteko erreferente bihurtuz alor horretan”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun