Danontzat gaztetxea hustu dute

Iker Rincon Moreno 2022ko urr. 22a, 11:59

© DANONTZAT GAZTETXEA

Atzo, barikuan, auzolana deituta zuten Plentzia-Gorlizko Danontzat gaztetxeko kideek, "tokiko hesiak erorita zeudela aprobetxatuta". Azaldu dutenez, Arpillaoko eraikinaren egoera teknikoak konponbideak izan ditzake, "baina arrazoi politikoengatik Plentziako Udalak ez du gurekin elkartu nahi". Horren aurrean, Elixabete Uribarri alkateari exijitu gura izan diote "aurpegia emateko" eta eurakaz batzeko, "azken bi urteotan eskatu izan diogun bezala".

Bi urte igaro dira Plentziako Udalak Arpillaoko lokalak eta eraikina behin betiko itxi  zituenetik. Atzo, barikuan, baina, udal-langileak tailer bat muntatu zuten lokaletako batean, eta Danontzat gaztetxeko kideek auzolana deitu zuten gunea txukuntzeko eta tokia berreskuratzeko. Hala ere, Udaltzaingoa eta Ertzaintza lekura bertaratu, batutako lagunak identifikatu eta gune autogestionatuaren sarraila aldatu zuten.

"Poliziei azalpenak eman genizkien, esanez arkitekto baten txostena aurkeztu genuela eta Udalarekin negoziaketak nahi genituela bertan egoteko. Udaltzainei ez zitzaien argudio horiek inporta, eta esan zuten ez zegoela arrazoi teknikorik bertan ez egoteko, arrazoiak politikoak zirela onartuta", deitoratu dute gaztetxeko kideek.

Bi urteotan, Danontzat gaztetxekoek salatu dute ez dutela Udalaren erantzunik eta alternatibarik jaso. Denbora horretan, azaldu dute behin baino gehiagotan alkateagaz batzeko bilera-eskaerak egin dituztela, baita arkitekto baten txostena aurkeztu ere. "Udaletxean dago orain urtebete baino gehiago, baina ez dugu erantzunik jaso. Uste dugu beharrezkoa dela espazio hori, eta auzolana deitu genuen atzo hori berreskuratu eta txukuntzeko".

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Plentzia-Gorlizko Gaztetxea (@danontzatgaztetxea)

Arrastiko 17:00etarako zuten deituta gazteek auzolana, eta, gogoratu dutenez, goizean Arpillaoko lokaletako batean udal-langileak egon ziren lanean, "tailer moduko bat" muntatuta. Horren aurrean, kaleratutakoek zalantzan jarri dute berriro ere eraikinaren egoera: "Nola da posible horiek bertan egotea inolako arazorik gabe eta gu ez? Eraisteko egoeran badago, agintariei ez zaie euren langileen osasuna inporta, ala egoera ez da hain larria?".

Horren aurrean, auzolanari ekiteko deialdia zabaldu eta bertara agertu ziren hainbat kide. Hala ere, gutxira udaltzainak agertu ziren "Elixabeteren agindu zuzenari erantzunez". Batutako gazteek uko egin zioten alde egiteari, eta, ondorioz, Ertzaintza deitu zuten; "bost furgoneta etorri ziren, ordubetez erretenitu gintuzten gaztetxearen barruan, eta bertan geunden bost kideak identifikatu gintuzten". Ondoren, sarrailari batek gaztetxearen ateko sarraila aldatu zuen.

Ertzaintzak desobedientzia larria egotzi die identifikatutako bost kideei, eta gaztetxekoak zain daude ea Plentziako Udalak salaketarik jarriko duen jakiteko.

Atzo gertatutakoaren ondoren, gaztetxeko kideek aldarrikatu dute gune autogestionatu hori "herriaren espazio" bat dela, eta eskubide osoa dutela bertan egoteko. Izan ere, diotenez, eraikinaren egoera teknikoak konponbideak izan ditzake, baina bertan ez egoteko arrazoiak politikoak direla deitoratu dute, "eta horregatik Udalak ez du gurekin elkartu nahi".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun