Norabide aldaketa erradikala aldarrikatu du Sortuk Lemoizko zentral nuklearrean

Erredakzioa 2022ko urr. 24a, 17:26

Energiaren eta politika ekonomiko eta sozialen "errotikako norabide aldaketa" aldarrikatzeko ekimena egin zuen Sortuk Lemoizko zentral nuklearraren instalazioetan atzo, domekan, azpiegitura hori eraikitzen hasi zireneko 50. urteurrena eta klima-larrialdiaren aurkako egunaren bezperan. Bertan, ekintzaileek pankarta erraldoi bi zabaldu zituzten, "Trantsizio ekologiko justua" eta "Greenwhasing" hitza ezabatuta irakur zitezkeenak. Gainera, azaroaren 12an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.

Lemoizko zentral nuklearraren instalazioetara sartu zen atzo, domekan, Sortu, eta eraikinaren teilatuetatik bi pankarta erraldoi zabaldu zituen, errotikako norabide aldaketa bat aldarrikatzeko, bai energiari dagokionean, bai politika ekonomiko eta sozialei dagokienean.

“Trantsizio ekologiko justua” irakur zitekeen instalazioen teilatu batetik zabaldutako  180 metro koadroko pankartan; 50 metro koadroko beste batean, berriz, “Greenwhashing” hitza baina ezabatuta. "Lemoizek karga sinboliko handia dauka, duela mende erdi energiaren oligopolioak nuklearraren aldeko apustua egin zuelako eta herri-borrokak egitasmo hori galarazi ziolako", azaldu dute ezker abertzaleko kideek.

Salatu dutenez, egun bizi ditugun krisiak ez dira kasualitatez gertatu: "Neoliberalismoak planeta eta gizateria amildegiaren ertzera eraman ditu. Okerreko hainbat erabakik eragin dute klima-larrialdia, krisi-energetikoa edota gerra-egoera". Izan ere, azpimarratu dutenez, besteak beste, energia fosilen, nuklearraren eta irabaziak "gutxi batzuen eskuetan metatzen dituen oligopolioaren aldeko apustuan" oinarritu da neoliberalismoa. Eta erabaki horien guztien atzean ardurak dituzten erantzule zehatzak daudela mahai-gaineratu dute: "IBEX-35 eta arma-industria, putre-funtsak eta bankuak, Iberdrola, Petronor eta elite ekonomiko eta finantzarioak. Erantzuleak dira hamarkadetan politika neoliberalak aplikatu dituztenak. Eta erantzulea da kapitalismoa, sistema kapitalista baita gerraren, harrapakeriaren, esplotazioaren, aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren erantzulea".

Horren guztiaren aurrean, 180 graduko norabide aldaketa bat "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute, "premiazkoa dugu esku-hartzea, ez bakarrik energia-merkatuan, baita higiezinen merkatuan. Premiazkoa da soldatak eta pentsioak igotzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak sendotzea eta zaintza sistema publiko-komunitario bat eraikitzea".

Hala eta guztiz ere, aldaketak posible direla goraipatu dute, Lemoizko kasua adibide moduan jarrita: "Posible da okerreko erabaki horiek baztertu eta gauzak aldatzea". Ildo horretan, Sortuk dei egin du orduan bezala antolatzera, borrokatzera eta kaleak hartzera. "Zehazki dei egiten dugu azaroaren 12an Bilboko kaleak jendez desbordatzera, aldaketaren aldeko olatua altxatzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun