Tokikom Sarietan toki komunikabideen kazetaritza lanak saritzen dira normalean. Aurtengo edizioan, berriz, “Elkarrekin bidea eginez” leloaz, hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko dira, Tokikomeko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzeko asmoz.
Hamar urteko bidea, dokumental batean
Sariak banatzeaz gainera, Tokikomek aukera aprobetxatuko du taldearen 10 urteko historia laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat estreinatzeko. Dokumental horretan, euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatuko da, ibilbide horretan zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez.
Barne gogoetarako foroa
Horrez gain, goizean zehar hainbat mahai-inguru izango dira, Tokikom osatzen duten toki komunikabideen arteko iritzi trukea sustatzeko, sektoreak hurrengo urteetarako mahai gainean dituen erronkak ardatz hartuta: Tokikomen beraren izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, komunikabideen finantzazioarekin lotutako erronkak, digitalizazioak dakartzan aukera berriak... Mahai-inguru horietan, taldea osatzen duten komunikabideen esperientziak eta espektatibak ere landuko dira.
Ospakizun publikoa, 2023an
Aurreko edizioetan ez bezala, 2022ko Tokikom Sarien ekitaldia gehienbat barrura begirako topaketa izango da, taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeari begira. Hamargarren urteurrenaren ospakizun publikoa egiteko, taldea beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari da, 2023ko lehen hiruhilekorako.
74 komunikabide
Gaur-gaurkoz, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, bost telebista eta bederatzi irrati. Guztira, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan, %58 emakumezkoak, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen dira. Gaur egun, taldeko edizio digitalen trafikoa euskarazko medio ez-publikoak batzen dituen Hekimen elkarteko guztien %63 da.