Uribe Kostako Mankomunitateak udalerrien arteko lankidetza goraipatuz ospatu du bere 30. urteurrena

Ander Zarraga 2022ko urr. 27a, 13:24
Gaurko ekitaldian Mankomunitateko presidente ohien, langileen eta entitatea osatzen duten udalerrietako alkateen lana goraipatu dute.

Gaur goizean, Sopelako Kurtzio kultur etxean egin duten ekitaldian, hiru hamarkada hauetan zehar udalerrietako alkateek, erakundeko beharginek eta presidente ohiek Mankomunitatearen alde egindako lana goraipatu dute. Gainera, "etorkizunera begira iragana omentzen duen" marka-irudi berritua ere aurkeztu dute.

 

Zazpi erradio dituen gurpil urdin bat izango da Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen ikur berria, erradio bat entitatea osatzen duten udalerri bakoitzeko. Izan ere, gaur, urriak 27, aurkeztu dute logotipo berria Sopelako Kurtzio kultur etxean egin duten entitatearen 30. urteurreneneko ospakizun-ekitaldian.

Bertan, Anabel Landa eta Jose Luis Gutierrez Roca Mankomunitateko presidente ordeen lana aitortu eta erakundea osatzen duten langileen eta udalerrietako alkateen lankidetza-espiritua goraipatu dute. Josu Landaluze entitatearen egungo presidenteak azpimarratu duenez, "30 urte hauetan, Mankomunitateak eskualdean erreferente izatea lortu du, erakunde jasangarria, solidarioa eta bateratua, ia 40.000 pertsonaren zerbitzura dagoena". Gainera, agindu du erakundea hobetzeko lanean jarraituko dutela "betiere, Mankomunitatea osatzen duten udalerrien ezaugarriekiko errespetuan eta arretan oinarrituta".

Bere ostean, Anabel Landa presidente ohiak eta egungo Berangoko alkateak hartu du hitza, hiru hamarkada hauetan koordinatutako lanari, konpromisoari eta ibilbideari balioa emateko. "Gaurkoan, Mankomunitateko presidente ohien ordez hitza hartzea egokitu zait. Lehenik eta behin, hemen ez dauden Jose Antonio Torrontegi, Jose Mari Ezpeleta eta Juan Olea gogoratu nahiko nituzke, eta erakunde honen alde egin zuten lana goraipatu nahiko nuke. Bestetik, aipamen berezia egin nahiko nioke pandemiaren hasieran, oraindik agintaldian nengoenean, Mankomunitateko zerbitzu sozialetatik eman zen erantzun koordinatu eta eraginkorrari, eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiet alkateei eta erakundeko kideei".

Ekitaldiari amaiera emateko entitateko kide izan direnek opari bana jaso dute eta June Diaz bertsolariaren emanaldiak itxi du ekitaldia.

Tradizioa eta modernitatea

Ospakizunean, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak gaurtik aurrera izango duen marka berria ere aurkeztu dute, "eskualdea irudikatzea helburu duen marka, gure iragana omentzea etorkizunari begira, hain zuen", azaldu du Landaluzek.

Eskualdean 200 errota baino gehiago daude datatuta, ibaietakoak, haizezkoak eta mareakoak, batez ere, irina lortzeko eta burdinoletarako erabiltzen zirenak. Ondare kulturalaren kontzeptu horri jarraituz, azaldu dute tradizio autoktonoa, komunitatearentzako zerbitzua, ekintzailetza eta ingurune naturala nabarmentzen dituela errotaren kontzeptuak. Balio horiek erakundearen espirituagaz eta iraunkortasunagaz oso lotuta dauden kontzeptuak direla nabarmendu dute, eta horregatik aukeratu dute Manokmunitateko etorkizunerako ikur gisa.

30 urte

Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz udalerriek zerbitzu bateratuak ematen dizkiete herritarrei Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearen bitartez. 1992an eratu zenetik, baliabideak eta zerbitzuak optimizatzen eta sendotzen joan dira urteetan zehar, Uribe Kostako herritar guztien bizi-baldintzak eta -kalitatea hobetzeko helburuagaz.

Zerbitzu horiek bost arlotan banatzen dira: gizarte-zerbitzuak, iraunkortasuna, euskara, berdintasuna eta kontsumoa. Arlo bakoitzak eskaintzen dituen funtzioei eta helburuei buruzko informazio guztia aurkitu daiteke esteka honetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun