Zuberoako ikastolen aldeko elkartasun-kanpaina Uribe Kostara heldu da

Iker Rincon Moreno 2022ko aza. 9a, 12:59

© IKASKOLI

2003an ekin zion Eperra ikastolak Gabonetarako saskiak eskaintzen, 2014an Alozeko ikastolak bat egin zuen ekimenagaz, eta, aurten, Getxon otar horiek banatuko dituzte ere, ikastola biak finantzatzen laguntzeko eta Zuberoako (Ipar Euskal Herria) tokiko ekoizleak ezagutarazteko asmoz. Hiru saski mota daude, 51 eta 68 euro artekoak, eta azaroaren 27ra arte egin daiteke eskaria, Ikaskoli-ren webgunean.

Zuberoako Eperra eta Alozeko ikastolak hauspotzen laguntzeko asmoz, Ikaskoli egitasmoa Uribe Kostara heldu da aurten. Antolatzaileek azaldu dutenez, Getxon ekingo diote lehenengo aldiz kanpaina horri, Azebarri kultur elkarteari esker, "banaketa-puntu izateko erabakia hartu baitu".

Tokiko ekoizleen produktuez osatutako saskien salmentaren bitartez, kanpainaren helburua da ikastola bien finantzazioan laguntzea. Izan ere, "seme-alabek euskaraz ikasteagatik, gurasoek finantzazioaren % 30 jartzen dute eta administrazioek % 20; gainontzeko % 50a mota honetako gizarte-ekimenen bitartez eskuratzen da", azaldu dute antolatzaileek.

"Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek bermatzen dute euskararen transmisioa. Bestetik, azken garaiotako informazioa gogoan hartuz gero, ikastolen alde ari diren militante orok badaki deus onik ez dela itxaron behar Frantziako Estatuaren aldetik. Murgiltze eredua zalantzan jarri dute, eta, ondorioz, euskararen geroa kinka larrian egon liteke. Beraz hobe, gaurdanik gure esku dagozen dinamikak martxan jartzea, bihar eta etorkizunean autonomia handiago batekin bizitzeko gisan. Horretan datza ere saski salmentaren funtsetako bat", azpimarratu dute arduradunek.

Aurten hiru saski mota egongo dira salgai, Zuberoako hiru eskualdeen izen bana hartu dutenak. Ekoizleek lotura zuzena daukate ikastolakaz eta produkzio txikiko ekoizleak dira, "kalitate handiko mozkinak eskaintzen dituztenak".

Eskariak azaroaren 27ra arte egin daitezke, www.ikaskoli.eus webgunean; otarrak abenduaren 9tik aurrera eskuratu ahal izango dira, Azebarri kultur elkartearen egoitzan, Algortan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun