Begia eta bisturia

Uda joan da ta

Ina Gaztaka Eguskiza 2022ko aza. 9a, 13:14
Portu Zaharreko jaiak.

"Negua joan da ta", dio abestiak, oraingoan, uda dugu igaro dena eta, jakina, bizipenak izan dira; batzuk, onak, besteak, ez hainbeste. Atzean dira azken asteetako herri-jaiak, baina, horietan parte hartu duten askok, euren jarrerak ikusita, jai dute.

Atzean dira azken asteetako herri-jaiak (salbuespenak salbuespen); eta horiekin batera gibelean geratu dira, bada, bai kontzertuak, bai herri probak, bai txosnak eta, horrekin guztiarekin, udaren giro ezin hobea, udaren usain gozo-gozoa. Urtero legez, uda joan da gure munduaren zentzu tautologikoak hala behartzen duen lez; eta, hala, iraila heldu da, nahitaez eta tamalez, ere bai.

Halere, oporren itxurazko amaiera honek ez du zertan burumakur ibiltzeko aitzakia izan, begirada igo eta ikuspegi zabalago bati erreparatzeko aukera probestu behar dugu, sakonki ez bada ere, hausnarketa epidermikoa soila burutzeko, bederen. Udak gauza ugari utzi du bidean, pozak eta tristurak, gogoratzeko zein ahazteko pasadizoak; hots, denbora pasa ahalaren on-gaitzak. Nork bere ibilbidea urratu zuen orain dela hilabete batzuk eta, tartean, eguzkia, hondartza, bidaiak eta burura datorkion guztia gordeko du bere barnean, iltzatuta. 

Alabaina, aurrean daukagun urte berriari hasiera eman aurretik eta erronka berriek gure arreta guztia bereganatu baino lehen, komenigarria deritzot gogoan babesteko hain ederrak, beroak eta hurbilak ez diren hainbat gauzen diagnostikoa egitea. Besteak beste, aurten izandako jaien argiak, behin baino gehiagotan, itzalez bete izan dira. Zehazki, Algortako San Inazioko jaietan bi ziztada mota erabat ezberdinak eta guztiz kontrakoak ezagutu (ge)nituen. Bata, gozagarria eta pozgarria, herria batzen eta dantzarazten duena: Ziztada & Rlantz-eko kontzertua, bihotzaren taupadekin bat egiten duen erritmoan abesten duten artistak, adimenean eusteko modukoa. 

Besteak, tamalez, ez du deskribapen ona egiteko aukerarik ematen, horri buruz eskain ditzakedan hitzak gogoratzekoak  baitira, baina guztiz kontrako arrazoiengatik. Ziztadak, kasu honetan, pozoitsuak eta krudelak izan ziren, eraso sexistaren iluntasunak gidaturiko eskutik emandakoak: hiru bider gutxienez jazo ziren eta, Getxoko jaietatik harago zabaldu den itzala izan da –udaren amaierak ikuspegi zabalagoari so egiteko abagunea ematen du–: jaiez jai pairatutako gaitz berria izan da. 

Dena dela, esaten da pozoi bakoitzari antidoto bat dagokiola, eta gauza bera dagokio gaixotasun orori egokitutako sendabidearekin. Moralina hutsa gure bidetik at utzita –ez baita hori lerro hauen helburua—, amaiera emango diot testutxo honi Ziztadako kontzertuan, orotariko argi koloretsu bizien artean, botatako bertso zehatz eta jakintsu bat gurera ekartzen, niretzat gakoa:

"Zure eskutan daukazu, ezin zaitu inork aldatu.
Etzaitez nahastu, maite duzun dena hartu ta borrokaezazu.
Mundua aldatu, legearen kontra behar gara batu.
Bide luzea eginda, etorkizuna zure eskutan daukazu"

Ziztada & Rlantz
Lorearen Arantzak (2022)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun