Gaur goizean, abenduak 2, egin den Ezohiko Osoko Batzarrak Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateari 2023ko ekitaldirako aurrekontuak onartzeko balio izan dio. Guztira 4.418.245 euroko zenbatekoagaz, kontuak gaur egun ematen diren zerbitzuak finkatu eta mantentzera bideratuko dituzte, mankomunatutako zazpi udalerrietako ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko asmoagaz. Aurrekontuek botoen gehiengo osoa lortu dute, aldeko 10 boto, EAJren bederatzi eta PSE-EEren bat, eta EH Bilduko ordezkarien bi abstentzio.
Iaz bezala, Gizarte Ongizateko Saila da aurrekontu handiena duena (2.428.276 euro), eta, ondoren, Ingurumena (882.517 euro). Gizarte Ongizateko arloari dagokionez, azpimarratu dute saila proiektu bat lantzen ari dela Eguneko Arreta zerbitzu propio bat abian jartzeko, modu autonomoan ezar daitekeen zerbitzu bat, erakundearen mendekoa. Horregaz, Mankomunitateak erabat beteko luke dekretu-kartera.
Era berean, gogorarazi dute Bilbo eta Barakaldo bezala, Uribe Kostako Mankomunitatea Getxoko Udalagaz batera dela, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko gaueko harrera zerbitzua eskaintzen duen aterpetxe bat duen erakundeetako bat, ia hogei plaza eskaintzen dituena. Leku berean, eguneko arreta zerbitzua eskaintzen du, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonentzat.
Era berean, erakundeak hiru harrera-etxe ditu gizarte-larrialdi egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden edo indarkeria matxistaren biktima diren pertsonentzat. Halaber, etxez etxeko laguntza-zerbitzu indartsua ere badu. Guzti honez gain, Bizkaiko Gurutze Gorriagaz sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, hainbat jarduera ipiniko dituzte martxan, besteak beste, adinekoek zahartze aktibo eta osasungarria izateko ekintzak, laguntza teknikoen alokairuak edo boluntarioen laguntzak indartuko dituzte.
Horretaz gain, Berdintasun Arloak 146.824 euroko aurrekontua izango du. Aurten baino kopuru txikiagoa izan arren, zenbatekoa 2022koaren antzekoa izatea aurreikusi dute, Mankomunitateak Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunetik eratorritako laguntzak jaso eta bere kontuak egokitu ondoren. Bestalde, Euskara eta Kontsumo Sailek ez dute aldaketa handirik izango beren partidetan: 404.703 euro eta 134.978 euroko aurrekontua izango dute, hurrenez hurren.
"Konpromiso arduratsua"
“2023rako maneiatzen ditugun zenbakiak aurtengo zenbakien antzekoak dira, doituak, orekatuak eta errealistak. Aurrekontuen kudeaketa ekonomiko eraginkor, efiziente eta gardenarekiko konpromiso arduratsua islatzen dute, zerbitzu publikoen kalitatea bermatzera eta Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietan ongizatea sustatzera bideratutako baliabideen banaketa egokia aurreikusiz. Aurrekontu hauei esker, azken urteotan garatzen ari garen lan-ildoak gauzatzen jarraituko dugu”, adierazi du Josu Landaluze Mankomunitateko lehendakariak.
Landaluzek gogorarazi du 2023an udalek egingo dituzten ekarpen ekonomikoak txikiagoak izango direla, % 9 inguru gutxiago. Hala ere, gogorarazi du azken urteetan egindako kudeaketa ekonomiko zorrotzari esker ez zaiela udalei gerrikoa hainbeste estutzen, Mankomunitateak milioi bat euro inguruko superabita baitu. "Mankomunitatearen finantza-egoera bikaina da; izan ere, gerakina positiboa da kopuru handi batean, aurrekontuaren emaitza ere bai, eta ez dago zor bizirik, ez epe laburrean, ez epe luzean, finantza-erakundeakaz. Hori dela eta, bankuen mende ez egoteaz gain, Uribe Kostako bizilagunek dituzten premiei erantzun eta aurre egiteko moduan gaude. Ziur nago emaitza ekonomiko on hauek onura zuzena ekarriko dietela Mankomunitatea osatzen duten udalerriei eta bertako herritarrei".