Bizkaibizi

Udaberrian hasiko da martxan bizikleta elektrikoak alokatzeko Aldundiaren zerbitzua

Ander Zarraga 2022ko abe. 21a, 11:06

Miguel angel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko foru-diputatua Bizkaibizi ekimenaren aurkezpen-ekitaldian. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bizkaiko Foru Aldundiaren bizikleta elektrikoak alokatzeko Bizkaibizi zerbitzua Berango, Erandio, Getxo eta Leioara helduko da gurean. Aldundiak Tier Mobility - Sagales aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dio lau urteko kontratua garraio-sistema ezarri, mantendu eta kudeatzeko, 6,9 milioi eurogatik.

Uztailean deitu zuten lizitazio-prozesura aldi baterako bi enpresa-elkarte aurkeztu dira, baina azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiak, hainbat faktore kontuan hartuta, Tier Mobility - Sagales aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dio Bizkaibizi kudeatzeko kontratua. Erabakigarriak izan diren faktoreen artean, besteak beste, hauek hobetsi dituztela azpimarratu dute: eskaintza ekonomikoa, zerbitzua ezartzeko epea murriztea, estazioen, bizikleten eta ordutegien kopurua handitzea, osagaien kalitatea, bandalismoaren aurkako segurtasun-mekanismo aurreratuak ezartzea, edo zerbitzua kudeatzeko eta mantentzeko sistema.

Esleipenaren kostua 6.898.741,66 eurokoa izan dela ere zehaztu dute Aldundiko iturriek, lizitazioan aurreikusitakoa baino % 6,50 txikiagoa (7.378.333,33 euro), bi zenbatekoak BEZa barne. Lankidetza-hitzarmenean adostutakoagaz bat, Aldundiak proiektu osoaren % 30 finantzatuko du, eta parte hartzen duten bederatzi udalek euren udalerriei dagokien zatiaren gainerako % 70a. Barakaldo, Berango, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestao izango dira zerbitzua ezarriko duten udalerriak.

650 bizikleta elektriko

Erabiltzaileen ikusgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko neon laranja kolore deigarriko 650 bizikleta elektriko izango ditu zerbitzuak. Horrez gain, 101 ainguraleku ezarriko dituzte itsasadarreko hirigune nagusietan, hasieran aurreikusitakoak baino 50 gehiago eta material birziklagarriz eginda egongo dira. Horietatik 86k instalazio elektrikoa izango dute, eta beste 15ek plaka fotovoltaiko bidez kargatuko dituzte bizikletak.

Horiez gain, 10 estazio birtual ere egongo dira, bizikletak ainguraleku fisiko barik horiek blokeatu ahal izateko. Estazio birtualen helburua da unean-unean antolatzen diren kultura edo kirol-ekitaldiei erantzutea eta, adibidez, gune jakin batean dagoen zerbitzuaren eskaria egiaztatzeko aukera izatea, estazio osoak instalatzeko beharrik ez izateko.

Bizikleta metropolitar berriek lizitazioan aurreikusitakoa baino autonomia handiagoa ere izango dutela iragarri: hasieran, 60 kilometro izatea eskatu zuten, baina 85 kilometrokoa izango da. Euren pisua ere arinagoa izango dela jakinarazi dute, 30 kilogramo, hain zuzen ere, hasiera batean 32 kilogramo izango zirela iragarri arren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun