Jose Garate Foisis (baxua), Pablo Olabarrieta (soinua, teklatua eta akordeoia), Edurne Diez de Ultzurrun (ahotsa), Josu Zarate (ahotsa eta perkusioa), Joseba Ibarra (txistua, gitarra eta ahotsa) eta Unai Brea (gitarrak eta ahotsa) dira Bostak eta Laurenak taldea osatzen duten musikariak. Hasieratik, euren asmoa musika egiteko eta ondo pasatzeko biltzea zela diote, "baina gauza konplikatzen joan zen eta ateratzen genuen soinua ere asko gustatzen zitzaigunez, zuzenekoak ematen hasi ginen", gogoratu du Brea sopeloztarrak. Hala, aurreko abenduaren 17an, Plentziako Kantagunaren hamargarren urteurrenean egon ziren eta, abenduaren 30ean, Zaratamon eman zuten iazko azken kontzertua.
Diotenez, seiek aspalditik elkar ezagutzen dute, "kantaguneetan eta horrelako musikaren inguruko giroan mugitzen baikinen gehienok". Hala ere, taldea sortzeko ideiagaz batu ziren, alde batetik, Unai Brea eta Josu Zarate, eta, bestetik, Jose Garate, Pablo Olabarrieta eta Joseba Ibarra. Talde biak elkarregaz entseguak egiten hasi ziren Zaratamon, Olabarreitaren etxean, "eta gauzak martxa hartu zuen", gogoratu du Break.
Hori pandemiaren aurretik gertatu zen, eta itxialdian bakoitza bere etxetik abestiak grabatzen eta entseatzen jarraitu zuen. "Hasieran, Los Cinco Bilbainos bezalakoak ginela esaten genuen txantxa artean, gutariko inor bilbotarra izan ez arren. Gero, benetako izena pentsatzen jarri ginean, Bostak eta Laurenak pentsatu genuen, gure ideia emanaldietara beste musikari batzuk gonbidatzea zelako, eta entseguak ordu horretan hasten ditugulako", azaldu du Break. Gero, Edurne ere batu zitzaien seigarren kide bezala, baina izena bere horretan mantendu zuten.
Ezagunak eta ez hain ezagunak
Euren abesti propiorik izan ez arren, Garate Itzoiz taldearen ibilbide osoan aritu zen baxua jotzen, eta, hori sortu aurretik, Juan Carlos Perez abeslariagaz batera Indar Trabes izeneko taldean ere aritu zen. Sasoi horretan, besteak beste, argitaragabe geratu zen Naiz kanta sortu zuten, baina seikoteak berreskuratu du eta euren emanaldietan jotzen dute.
Egiten duten musikari dagokionez, euskal kantugintzan ikurrak taularatzen dituzte: Xabier Lete, Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta horrelakoak; "batez ere, Benito Lertxundi gustatzen zaigu", nabarmendu du Break. Tradizionalak eta ez hain ohikoak diren abestiak tartekatzen saiatzen direla ere dio sopeloztarrak. Gainera, hain entzutetsuak ez diren musikari euskaldunen abestiak ere sartzen dituzte euren emanaldietan, Iparraldekoak adibidez; "abesti ez hain ezagunak jotzen ditugu, publikoak ere ezagutu ditzan". Break laburbildu duenez, "emanaldietan, gure helburua da publikoak guk bezain ondo pasatzea, euskaraz abestea eta jendeak euskaraz kantaraztea".