Bizitzaren garestitzea errealitate bat da gurean. Azken hiru hamarkadetako inflaziorik handiena pairatu dute prezioek 2022an, KPI kontsumorako prezioen indizeak urtea beheranzko joeragaz bukatu duen arren. 2021eko udaz geroztik energiaren prezioek izan duten gorakadak, Ukrainako gerrak larriagotuta, produktu eta zerbitzu gehienen garestitzea bultzatu du gurean –baita mundu osoan, orokorrean, ere–. Horren ondorioz, urte arteko inflazioaren datuak % 10etik gorakoak izatera heldu ziren uda honetan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako Estatuan, hamarkadetako handienak.
Urte osoan, hilabeterik hilabetera, denok ikusi dugu nola handitu diren prezioak etengabe; energiarenak –erregaiak eta elektrizitatea– lehenengo, eta gainontzekoak ondoren. Gorakada horri aurre egin guran, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak askotariko neurriak jarri dituzte martxan hilabeteotan, hala nola gasolinari eta dieselari 20 zentimoko deskontua ezartzea, gasaren garestitzea eteteko "salbuespen iberikoa" izendatutakoa eta garraio publikoaren prezioa erdira murriztea; lehenengo neurria, baina, daborduko bertan behera utzi dute. Bere aldetik, Europar Batasunak, berriz, interes-tasak handitu ditu, besteak beste, herritar askoren hipotekak garestituz aldaera aldakorra dutenen kasuan. Neurri horiekaz guztiakaz inflazioari eustea lortu dute, hein batean behintzat; uztailean goia jo zuen KPIak, % 10,5eko hazkundeagaz EAEn –% 10,8 Espainiako Estatuan–; abenduan, berriz, INE Espainiako estatistika institutuaren datuen arabera, indizea % 6,5tik % 5,4ra jaitsi zen azarotik abendura gurean, hilabete horretan erregaien merkatzea eta elektrizitatearen prezioaren moderatzeari esker.
Bestela esanda, demagun pertsona batek 1.000 euro gastatu zituela 2021eko abenduan bere hilabeteko gastu guztiei aurre egiteko; bada, urtebete beranduago 1.054 euro ordaindu behar izan ditu faktura horiek kitatzeko, INE Espainiako estatistika institutuak emandako datuen arabera. Alde hori, % 5,4, da areagotu dena abenduan, batez beste, EAEko kontsumoko ondasunen eta zerbitzuen prezioetan azken urtean, KPIa oinarri hartuta neurtuta.
Prezioen garestitze orokor hori gorabeheratsua izan da 2022an, urtearen lehenengo seihilekoan gorakada bizkor baten ondoren, beheranzko joera hartu duena bigarren partean. Hala ere, ohiko pertsonok ez dugu euste horrek ekar lezakeena nabaritu, inflazioa moderatu arren, elikagaiak, berbarako, % 15,1 garestitu baitira urtebetean batez beste abenduko azken datuen arabera; 2021etik 2022ra gurean, EAEn, gehien garestitu diren produktuak izan dira azukrea (% 73,8); olioak eta koipeak ( % 40,4); esnea (% 38,6); arrautzak (% 32,4); patatak (% 23); zerealak (% 21,6); esnekiak (%20,8); eta ogia (% 16,6). Are, elikagai guztiek azken bi hamarkadetako prezio mailarik altuena zuten urtearen amaierarako. Hau da, azken mendeko orga garestienak ordaindu behar izan ditugu abenduan.
Erosketa-saskiaren prezioak marka guztiak hautsi ditu, eta bizitzaren kostuaren gorakadaren buru da, energia-fakturaren eta garraio publikoaren kostuak behera egin duten bitartean. Izan ere, 2021eko abenduan produktu bi horien prezioak maila altuan zeuden, eta nazioarteko merkatuetako lehengaien prezioaren beherakadak eta gobernuek hartutako neurriek eragin dute jaitsiera hori azken urtean.
Kalean galdetuta, argi dago uribekostarrek ere euren azalean pairatu dutela prezioen igoera hori. Berbarako, Jon Ponce algortarrak dioenez, gasolindegietan eta etxeko gasa ordaintzeko fakturetan hasi zuen garestitzea pairatzen, baina, apurka-apurka, supermerkatuan ere nabaritzen hasi zuen gorakada. Gainera, egoera zein den ikusita, ez du uste gauzak baretuko direnik, eta produktuak garestitzen jarraituko direla ziur dago: "Batek daki noraino heldu daitezkeen".
Ildo berean, Luis Mari Sobrevilla erandioztarrak bizitzaren garestitzea nabaritu du azken urtean, "gutxika-gutxika izan da, baina etengabe". Honek, baina, espero du prezioek goia jo izana, "egoera ezin daitekeelako jasangarria izan".
Bezeroen beste aldean dugu Ainara Zarraga okina; dioenez, jendearen haserreari aurre egin behar izaten diote bera bezalako saltzaileek, prezioen igotzea, orokorrean haien errua ez den arren: "Ia egunero igotzen da prezioa; orain bost zentimo jaitsi dute BEZagatik, baina lehen 20 igo zuten. Gainera, guk hori erabaki ez arren, aurpegia eman behar dugu bezeroak kexatzen zaizkigunean, eta gero eta gehiago kexatzen dira".
Gainkostuei aurre egin guran
Prezioen igoaldi horren ondorioz, familia-unitate batek urtean 830 euroko gainkostua izan du elikaduran soilik 2022aren akabuan. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak igoera horiek kontsumitzaile zaurgarrienetan duten eragina arintzeko neurriak proposatu zituen abenduan, hala nola % 0ko BEZa oinarrizko elikagaietan. Horri erantzun guran, Espainiako Gobernuak hainbat neurri iragarri zituen urtearen amaieran, urtarrilaren 1etik martxan daudenak: BEZa % 4tik % 0ra jaitsi du premiazko elikagaietan, eta % 10etik % 5era oliba-olioetan, hazi-olioetan eta pastetan; 200 euroko laguntzak emango dizkie 27.000 eurorainoko errentak dituzten familiei; eta elektrizitatearen eta gasaren gaineko zergen beherapena luzatu du, baita garraio publikoaren abonuak diruz lagundu ere.
BEZaren murrizketari dagokionez, herritar asko kexu dira emaitza ez dela esperokoa izan, merkatzea ez delako horrenbeste nabaritzen. Berbarako, Leire Tellez algortarrak dio prezioek gora egin zutela zerga hori kendu Aurretik. "Prezioak aldez aurretik igo zituzten, asko gainera, eta beraz, orain ia ez dugu nabaritu beherakada hori", kexu da.
Espainiako Gobernuaren ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak premiazko laguntza emango die muturreko zaurgarritasun egoeran dauden 10.000 pertsonari. Hala jakinarazi zuen joan den urtarrilaren 13an Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Azaldu zuenez, programa horrek elikagaietara edo higiene pertsonalerako produktuak eskuratzeko aukera emango die 2.500 bat familiari, 150-300 euro arteko laguntzen bitartez. Horiek, gehienez, hiru aldiz banatuko dizkiete urtean, eta txanpon-txartelen eta aplikazio mugikor baten bitartez bideratuko dituzte.
Jendearen pobretzea
ELA sindikatuaren arabera, baina, neurriok guztiok "antzuak" dira, "ez dutelako ia eraginik izango elikagaien prezioetan". INEren abenduko datuak jakin eta berehala komunikatu batean nabarmendu zuen azpiko inflazioak etengabeko igoerari eusten diola, eta horrek adierazten duela, bere ustez, enpresek kostuen igoera produktuen eta zerbitzuen azken preziora eramaten dutela eta "egoera aprobetxatzen dutela etekinak handitzeko".
UGTk, bere aldetik, azpimarratu du KPIaren "moderazioa" ez dela "erosketa-saskian nabaritu", eta horrek langileen "poltsikoetan ondorio suntsitzaileak" eragiten dituela. Sindikatu horrek ere agerian utzi du, halaber, enpresek "kontsumitzaileari transferitu zizkiotela gasaren prezioaren gorakadak eratorriko gainkostua, eta orain prezio altuei eusten dietela, lehengaiaren kostua murriztu den arren".
Sindikatuokaz bat datoz herritarrak, askok eta askok uste baitute enpresek "marra gorria" igaro dutela. Olatz Izquierdo getxoztarrak dioenez, "puntu batera helduta, pasatu egin direla iruditzen zait; gehiegizkoa izan da eta ez da bidezkoa".