Lehen instalazioak Leioa, Ibarbengoa eta Ansioko geltokietan jarriko dituzte. Egiturek bizikletak eta patineteak eguralditik eta lapurretetatik babesteko izango dira, eta, horretarako, itxiak izango dira eta sarbidea pertsonalizatutako Barik txartelagaz kudeatuko da, nor sartzen den kontrolatzeko. Gainera, instalazioek sare elektrikorako entxufea duten plazak ere izango dituztela iragarri dute, bateria duten ibilgailu elektrikoak ere kargatu ahal izateko.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak metroko 1 eta 2 lineetako aipatutako geralekuetan eraiki eta mantenduko ditu instalazio horiek, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako diruagaz. Zehazki, 345.000 euro ingurugatik esleituko dituzte lanak, eta urtea bukatu baino lehen eraikitzea aurreikusi dute.
Aparkalekuak etxola itxurako sei metro koadroko azalera izango duten egiturak izango dira, 2,5 metroko altueragaz eta geltokien ondoan kokatuko dituzte. Leioan Iturriondo kaletik egongo da sarbidea eta daborduko dagoen entxufeari beste bat erantsiko diote. Getxoko Ibarbengoa geltokiko aparkalekura Martiturri Estartatik sartuko da, eta bi entxufe bikoitz izango ditu bizikleta eta patinete elektrikoentzako.