Zurrumurru matxistarik EZ hitzaldi- eta tailer-zikloa abiatuko du Mankomunitateak

Erredakzioa 2023ko ots. 16a, 13:55

Bederatzi tailer eta hitzaldi antolatuko dituzte hilaren 22tik ekainaren 30era bitartean, Lemoiz, Barrika, Sopela, Berango, Gorliz, Urduliz eta Plentzian. Horietan, gizarte zibilagaz, emakumeakaz zein gizonakaz, sentsibilizazio eta kontzientziazio feministan eta indarkeri matxistaren prebentzioan lan egingo dute. Izen-ematea zabalik dago esteka honen bitartez.

Iazko ekainean herritarrakaz egindako prozesu parte-hartzailearen ondoren, Uribe Kostako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak otsailaren amaieran ekingo dio Zurrumurru matxistarik EZ izeneko hitzaldi- eta tailer-zikloari. Programa horren bitartez, gizarte zibilagaz, emakumeakaz eta gizonakaz, modu mistoan zein ez mistoan, sentsibilizazio eta kontzientziazio feministan eta indarkeri matxistaren prebentzioan lan egin gura dute.

Alde horretatik, MankomunErandioitateko Berdintasun Arloak, hainbat emakume-erakunde eta elkarteren laguntzagaz eta parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenakaz, doako bederatzi tailer eta hitzaldi antolatuko ditu, otsailaren 22tik ekainaren 30era bitartean garatuko direnak, Lemoiz, Barrika, Sopela, Berango, Gorliz, Urduliz eta Plentziako udalerrietan.

Jarduera horien bidez, eskualdeko udalerrietako emakumeentzako, eta beste identitate batzuentzako, prestakuntza eta topaketa-gune feminista bat sustatu gura dute. Emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiborako eta Uribe Kostako sare feminista aktibatu eta indartzeko gunea, hain zuzen ere.

Tailerren zerrenda:

  • Emakumeak ere subjektu desiragarriak gara!, otsailak 22, martxoak 1 eta 10, Lemoizen.
  • Patriarkatu hau ez da nirea!, martxoak 11, Sopelan.
  • Indarkeria matxista hasiberrientzat, martxoak 1, 15 eta 22, Berangon.
  • Indarkeria matxista, lakra edo denon erantzukizuna?, apirilak 27 (emakumeak) eta 28 (mixtoa), Gorlizen.
  • Indarkeria matxista emakumeen kontua da... eta gu zer?, maiatzak 2, 9, 16, 23 eta 30, Urdulizen.
  • Emakumeak ez gara besteak zaintzeko jaio!, maiatzak 4, 11 eta 18, Barrikan.
  • Eta gu...zer?, ekainak 13 eta 20, Plentzian.
  • Emakumeak ez gara besteak zaintzeko jaio!, Sopelan. Data zehazteke.
  • Indarkeria matxista: zer egin dezakegu guk, gizonok?, Gorlizen, Data zehazteke.

Izena emateko, esteka honetan aurkitu daitekeen programako prestakuntza-ekintza guztiak jasotzen dituen dosierrean bertan agertzen den inprimakia edo lotura honetako formularioa bete beharko da. Tailerren fitxa bakoitzean dagoen estekan botoian klik egin beharko da. Plazak inskripzio-ordenaren arabera esleituko dira.

Era berean, haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko dute izena emateko unean hala eskatzen duen edonorentzat. Informazio gehiago gura dutenek posta elektroniko honetara mezu elektroniko bat bidaliz egin dezakete kontsulta: zurrumurrurikez.uk@gmail.com 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun