Azken asteetan Itaiak salatu duenez, "zaintza eta garbiketako enpresen irabaziak izugarri handitzen ari dira emakume langileon muturreko esplotazioaren kontura". Horregaz batera, taldeak ezagutarazi du langile horien bataz besteko soldata 900 eurokoa dela, eta lan-baldintza "kaskarretan" aritzen direla: gehiegizko ratioak, onartu gabeko funtzioen ardura eta ordaindu gabeko lanorduak dituzte, besteak beste. Aitzitik, enpresen etekin ekonomikoak handitzen ari direla salatu du Itaiak: "Garbialdi eta Illunion garbiketa enpresek 115.000.000 eta 130.000.000 euro irabazten dituzte urtean, hurrenez hurren".
Horregaz batera, krisi garaian sektore horien pribatizazioa-prozesua indartu egiten dela azpimarratu du Itaiak, langileen baldintzak eta zerbitzuen kalitatea okertuz. Horren aurrean, enpresariek eta agintariek berdintasun faltsu bat saltzen dutela salatu du taldeak: "Emakumeok lan munduan sartzeko politikak erabiltzen dituzte haien aurpegi zuriketarako, izan ere, horien atzean, lan baldintza txarrak eta etekin ekonomikoak handitzeko interes eta mugimenduak ezkutatzen dira".
Horregatik, zapatu honetarako, hilaren 25erako, Uribe Kostako Itaiak, 13:00etan, Bilboko La Casillatik irtengo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du.