Eguerdiko 13:00etan jarri dute hitzordua omenaldirako, Plentziako portuan. "Ekitaldi xume baten bitartez, askatasuna, justizia soziala, zilegizko II. Errepublikako Gobernua eta Euskal Herriaren eskubideen alde gure kostaldea defendatu zuten gudariak omenduko ditugu", azaldu dute deitzaileek.
Ekitaldian aipamen berezia egingo diote, Matxitxakoko itsas batailan hildako 60 lagunen artean, Gorlizko Antonio Oleaga Bilbao eta Remigio Atxirika Ibargoenetxeari eta Plentziako Pedro Lopezi.
"Memoria historikoa aurrera begiratzeko lanabes bezala aldarrikatzen dugu eta Plentzia, Gorliz, Lemoiz eta Barrikako bizilagunei bertaratzeko deia luzatu nahi diegu ausardiaz erregimen faxistari aurre egin ziotenak gogora ekartzeko", azpimarratu dute Oroilore Ikerketa Taldeko kideek.