Hitzaldiko mintzagaiak izango dira panpa-lezka eta Uribe Kosta eskualdean ohikoak diren beste espezie inbaditzaileak, bai eta garrantzitsuak diren gaur egungo lore-balioak ere. Gainera, hainbat jarraibide emango dituzte espezie inbaditzaileen aurka egiteko, baita maila partikularrean edo taldean zer egin daitekeen ekosistemak eta toki-biodibertsitatea babesteko. Topaketa irekia izango da, eta, horregatik, Mankomunitateak eskualdeko herritar guztiak gonbidatu gura ditu jardunaldian parte hartzera.
Zera esan du Josu Landaluzek, Mankomunitateko lehendakariak, topaketaren inguruan: “Uribe Kostako bizilagunak bertaratzera eta aktiboki parte hartzera animatzen ditugu, guztion artean gure eskualdea panpa-lezkarik gabe eduki dezagun. Gaiari buruz daukagun edozein zalantza plazaratu ahal izango da bertan”.
Espezie exotiko inbaditzaileak
Espezie exotiko inbaditzaileak ekosistema edo habitat natural edo erdinatural batean sartzen edo ezartzen den espezieak dira, zeinak bertako dibertsitate biologikoa aldatzeko eta mehatxatzeko eragileak izan daitezeke, bai jokaera inbaditzaileagatik, bai kutsadura genetikoa izateko arriskuagatik ere. Berbaldiaren ardatzetako bat izango da panpa-lezkak. Landare horrek Hego Amerikan du sorburua, zehazki, izenak berak dioskunez, Argentinako Panpan; gure lurraldean, berriz, arazoak sortzen ditu ingurumenean, ekonomian eta osasunean.
Hurrengo galdera begien bistakoa da: nola heldu da honaino? Hasieran, 50eko hamarkadan, apaindurazko lorategi pribatuetan erabili ohi zen, bere itxura ikusgarriagatik. Gero, lorategi publikoetan erabiltzen hasi zen, eta baita hainbat eta hainbat biribilgunetan eta errepide-albotan ere.
Haziak sakabanatzeko eta landaretzarik gabeko leku degradatuak okupatzeko gaitasun handia duenez, oso erraz sakabanatu zen hainbat eremutan. Gainera, aleek, helduak direnean, eremu zabalak okupatzen dituzte, eta zaildu egiten dute gure inguruko landareak eta zuhaitzak haztea.
Zentzu horretan, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 LEGEAren 72. artikuluak honela dio: Pertsona fisiko edo juridikoen lurretan florako espezie exotiko inbaditzaileak badaude, espezie horiek kontrolatzeko eta ezabatzeko beharrezko neurriak hartu beharko dituzte.
Horregatik, zer egin dezakegu? Lehenengo eta behin, ahaleginak egin landare horren edo beste inbaditzaile batzuen aleak gure lurretan ager ez daitezen. Eta, bigarrenik, gure lurretan daudenak desagerrarazi edo, behintzat, kontrolatu gure lurretan daudenak alboko lurzatietara heda ez daitezen.