Mankomunitateak gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea ireki du

Erredakzioa 2023ko mar. 3a, 09:40

Interesa duten herritarrek urriaren 20ra arte egin ahalko dituzte eskaerak. Zeregin horretarako, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak hiru bide ahalbidetu ditu: euren bulegoetara zuzenean jo daiteke, Sopelako Gatzarriñe kaleko 2 zenbakian; 946 762 674 eta 946 763 999 telefono-zenbakietara deitu daiteke edo www.uribekosta.eus webgunearen bitartez egin.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak aldizkakoak ez diren prestazio ekonomikoak eta diruz lagundutakoak dira, eta gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren gastu espezifiko arruntei edo apartekoei aurre egiteko nahikoa baliabide ez duten pertsonei ematen zaizkie.

Prestazio horiekaz estaltzen diren kontzeptu nagusiak etxebizitzagaz lotutakoak dira, hala nola alokairuak, hipotekak, horien mantentzea, altzariak eta etxetresna elektrikoak. Halaber, oinarrizko beharrizanakaz lotutakoak ere izaten dira, besteak beste, sistema publikoak estaltzen ez dituen beharrizan medikuak, elikadura eta garraioa.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu partzialki, eta urtean diru-kopuru bat esleitzen dio udalerri bakoitzari, irizpide objektibo batzuen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egoteko sei hilabeteko epea egiaztatzea eskatzen diete herritarrei, gaur egun udalerrian erroldatuta egotea, etendako urte bat eta bizitza independentea eskatzeko dataren aurrekoa egiaztatzea eta baimendutakoa baino ondare handiagoko kasuetan ez egotea, besteak beste.

Baldintzak betetzen dituen inor laguntzarik gabe gera ez dadin, Uribe Kostako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen sailak bere gain hartuko du gainerako finantziazioa. 

Laguntza hauek eskatzeko epea otsailaren 27an zabaldu zuten eta urriaren 20ra arte egongo da irekita. Eskaera egiteko Uribe Kosta Mankomunitatearen bulegoetara jo daiteke Sopelako Gaztarriñe kalea 2 zenbakian, 946 762 674 eta 946 763 999 telefono deituz edo www.uribekosta.eus webgunearen bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun