Udalekuak 2023 programan izena emateko epea zabalduko dute martxoaren 20tik 29ra

Erredakzioa 2023ko mar. 13a, 11:20
Lorea Bilbao, Mari Jose Telleria eta Ana del Val foru-diputatuak. © BIZKAIMEDIA

2023ko kanpaina honetan EAEko hiru lurralde historikoetako 3.993 haurrek parte hartuko dute. Bizkaian, 1.288 plaza izango dira; 1.198 euskaraz eta 90 elebidunak. Horretan izena eman gura dutenek martxoaren 20tik 29ra izango dute horretarako aukera. Programa uztailaren 1etik 29ra bitartean izango da, biak barne, eta parte hartuko duten haurrak 7 eta 13 urte bitartekoak izango dira.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Udalekuak 2023 programa aurkeztu du gaur goizean, María Jose Telleria Gipuzkoako Kultura eta Gazteria diputatuagaz eta Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuagaz batera.

Udalekuak 2023 hiru lurraldeetan eta Nafarroan kokatutako 15 instalaziotan garatuko da. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Legasako (Bertiz - Arana) aterpetxeetan. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Abaraxka (Azkoitia), Bertiz eta Irrasarriland-eko instalazioetan, eta Arabako Foru Aldundiak hiru instalazio jarriko ditu Udalekuak 2023ren esku: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, eta parte-hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da.

Haurrek kirol- eta kultura-jarduerez gozatu ahal izango dute: museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, ginkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jolasak, Laser Tag, segway-a, mendiko bizikletako jaitsiera, arrauna, piragua, kanoi-jaitsiera, pedaloia, optimist, wind surfa, disc golfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak (trontza, artaburuak, zakulariak, txingak, sokatira), ferrata bideak, baratzeko jarduerak, animaliakaz egindako jarduerak eta elikadurari buruzko tailerrak, besteak beste. Eta inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak ere egingo dira.

Instalazio bakoitzeko jarduerak kanpainaren liburuxkan eta hemen kontsultatu ahal izango dira.

Udalekuen helburu nagusia da neska-mutilei elkarbizitzarako jolas-gune bat eskaintzea, beren autonomia pertsonala sendotzeko. Filosofia horregaz, Udalekuen edizio berri honek honako helburu hauek ditu: oporraldien gozamena erraztea; autonomia eta bizikidetza erraztea; aisialdi hezitzailea bultzatzea; ingurune naturalera hurbiltzea eta ingurumenarekiko errespetua erraztea; aisialdiko jardueretan euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabil dadin sustatzea; eremu bakoitzeko ohiturak eta baliabide kulturalak ezagutaraztea; eguneroko bizikidetzan laguntasuna eta elkartasuna bultzatzea, besteak beste; eta genero-estereotipoak eta -rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea.

Izen-emateak eta kuotak

Bizkaiko zozketarako izen-emateak martxoaren 20tik 29ra bitartean egin ahal izango dira, 13:30ak arte, eta gehienez ere hiru partaideko taldeetan egin ahal izango dira; plazen zozketa apirilaren 26an egingo dute.

Aurten ezarritako kuota 135 eurokoa da. Prezio horretan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, eta joan-etorriko garraioa jatorrizko lekutik (Donostia, Ansio eta Gasteiz).

Gainera, Bizkaiak, gainerako lurraldeetan bezala, hobariak ezarriko ditu gizarte-laguntzak jasotzen dituzten familientzat eta familia ugarientzat. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta/edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) jasotzen dituzten familietako haur eta gazteek edota familia ugarikoak direnek hobaria lortu ahal izango dute kuotan.

Integrazioa

Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonak —desgaitasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala dutenak— aisialdiko jardueretan integratzea sustatzeko, plaza guztien % 5 talde horrentzat gordeko da. Integrazio-prozesu hori bermatze aldera, aldundiek kolektibo horiei arreta ematen dieten elkarte espezifikoen laguntza izango dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun