Dispertsioaren amaiera

Asier Borrero algortarra eta Irantzu Gallastegi berangoztarra Euskal Herriko espetxeetara gerturatuko dituzte

Iker Rincon Moreno 2023ko mar. 25a, 14:21

Asier Borrero preso algortarra etxeratzearen aldeko protesta bateko artxiboko irudia.

Asier Borrero algortarra eta Irantzu Gallastegi berangoztarra Euskal Herriratuko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek; horiekaz batera, beste hiru euskal preso hurbilduko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren esku dauden espetxeetara lekualdatuta. Kontuak horrela, Etxerat elkarteak eta Sare plataformak amaitutzat eman du urte luzez indarrean egon den sakabanaketa politika.

Asier Borrero preso algortarra Duesoko espetxean dago gaur egun, etxetik 225 kilometrora. 2009an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta Frantziako Poissyko espetxean (950 kilometrora) eta Mont-de-Marsangoan egon zen preso (215 kilometrora), 2019ko otsailean Espainiako Estatura eraman eta Soto del Realen espetxeratu zuten arte, behin-behinean (370 kilometrora). Bi hilabeteren ondoren, Dueñasera lekualdatu zuten (255 kilometrora), eta, 2021ean, Duesora eraman zuten. 2019ko abenduan, sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta, ondorioz, aurtengo abuztuan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Irantzu Gallastegi preso berangoztarraren kasuan, 1994an egin zuen ihes, eta bost urte beranduago, 1999an, atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Hango zigorra bete ondoren, 2005ean Espainiaratu zuten eta, 2006an, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak; 2024ko azaroan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Gaur egun, Estremerako espetxean dago, Euskal Herritik 465 kilometrora.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun