Arartekoak Gorliz, Plentzia eta Sopelako udalak ohartarazi ditu lankidetza ezagatik

Ander Zarraga 2023ko mar. 31a, 11:41

Manuel Lezertua Arartekoa, artxiboko irudian. © EUSKO LEGEBILTZARRA

EAEko Aratekoak duela gutxi aurkeztu du 2022ko balantzea, eta, lehen aldiz, herritarren kexak erantzuten ez dituzten erakunde publikoak seinalatu ditu, besteak beste, Bizkaiko bederatzi udal, tartean, Gorlizkoa, Plentziakoa eta Sopelakoa. 

EAEko herritarren defendatzailea edo ombusdmanak, Manuel Lezertua Arartekoak, 2022ko txostena aurkeztu du aste honetan Eusko Legebiltzarrean, eta, lehen aldiz, lurraldeko hainbat administraziori ohartarazi die ez erantzutea delitua izan daitekeela. Besteak beste, egotzi die urte bat edo bi artean behar izan dutela informazio-eskaerei erantzuteko, eta kasu batzuetan oraindik erantzunik gabe jarraitzen duela.

Lezertuak zehaztu duenez, abenduan, 46 administraziok jaso zuten jakinarazpena gogorarazteko bere erakundeagaz egiteko zituzten zereginak, eta herritarrek kexa bat jartzen dutenean laguntzarik ez ematea delitua izan daitekeela. Halaber, Lezertuak ohartarazi du erantzunik jaso ezean fiskaltzarengana jotzeko aukera ere ikertzen aritu dela.

"Pandemian zehar, herritarren kexak kudeatzeko orduan izan genuen baldintzen malgutasuna Arartekoaren eraginkortasunari eragin dio, eta orain arte saihesten ahalegindu garen mekanismoak baliatzera behartu gaitu, hau da, administrazioei gogoraraztea ez kolaboratzea delitua izan daitekeela, Zigor Kodeak hala ezartzen duelako", adierazi du Lezertuak. 

Igorritako ohartarazpenak jaso dituztenen artean, arestian aipatutako Uribe Kostako hiru udalerriak daude; Sopelak eta Gorlizek bana jaso zuten, baina Plentziak sei abisu jaso zituen abenduan. Arartekoak zehaztu duenez, guztiak informazio-eskaeren ingurukoak dira eta 2020 eta 2021 urteen bitartean gertatu ziren, eta kasu guztietan erantzuna administrazioaren isiltasuna izan zen.

Halaber, txostenean Arartekoak EAEko hainbat udalen eta administrazio-batzarren aurka izapidetutako espedienteak ere zerrendatu ditu, eta, besteak beste, eskualdean honako hauek aipatu dituzte: Getxo 36 espediente, Erandio 16, Leioa 14, Sopela 10, Gorliz 8, Berango 7, Plentzia 6, Lemoiz 2, Urduliz 2 eta Barrika 1. Espediente gehienak honako arlo hauekeaz dute lotura: ogasuna, pertsona nagusiak edo dependentzia egoeran daudenak, desgaitasunak dituzten herritarrak, haurtzaroa eta nerabezaroa eta herri-administrazioetako langileak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun