Lan-baldintzen parekatzea eta ratio duin bat ekarriko lukeen zaintza-zerbitzu eredu bat eskatu gura diote Bizkaiko nagusien etxeko langileek Foru Aldundiari. Ildo horretan, "Aldundiak egoitzak kudeatzeko duen pribatizazio-politika horrek sakondu besterik ez du egiten instituzioek egoitzetako zaintza-langileei ematen dizkieten tratu txarretan", salatu du LAB sindikatuak.
Patronalek eta Aldundiak negoziatzeko borondaterik ez dutelakoan, mobilizatzeko beharra azpimarratu dute. “Gure lan-baldintzak sektore publikoko langileenekin parekatzea, gure lan-karga nabarmen murriztuko duen ratio duina eta sektorearen pribatizazio bortitza geldiaraztea” lortu nahiko lukete indarrak batzeko eta mobilizatzeko gaitasunaren bitartez.
Patronalaren eta Aldundiaren negoziatzeko borondate ezaren aurrean, eta iazko mobilizazio eta greben ondoren, LABek borroka-ziklo berri bati ekin dio. Ziklo berri horrek martxotik maiatzera iraungo du, eta bigarren kolpea gaur abiatu dute, 10:00etan, Zorrozgoiti erresidentziatik Portugaleteko Aspaldikora. Bihar, martitzenean, Uribe Kostara egingo dute salto, 10:00etatik 10:30era Aspaldikon elkarretaratzea egin ondoren. Oinez, Erandioko Loramendi egoitzara joango dira, eta bertan mobilizazioa egingo dute 14:00etatik 14:30era. Ondoren, Algortan egingo dute protesta, 18:00etan, eta, ordubete beranduago, Ahoztar Zelaietak zaintza-lanen negozioaren inguruan arituko da Algortako Abian kultur elkartean. Azkenik, eguaztenean, hilaren 5ean, manifestazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzatik, 10:30ean.
Hirugarren lanuzte-deialdia maiatzaren 15etik 20ra artekoa izango da. Greba-egun horietan, langileek txandakako baraualdia egingo dute jasaten dituzten baldintzak salatzeko.