Uribe Kostako hondartzetako dunek balio ekologiko eta geomorfologiko handiko eremu babestuak dira, baina tradizionalki labarretako harriei eusteko dikeak, sareak eta hesiak bezalako elementuak erabili ohi dira. Horiek mantentzea garestia izateaz gain inpaktu bisual eta ingurumen-inpaktu handia eragiten dute. Hori dela eta, Jon Ander Clemente ikertzaileak azaldu duenez, babes-neurri horiek ahal den neurrian naturalizatzea izan da euren lanaren xedea. Clemente EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikerketa-taldeko kidea da eta prozesurako 3D metodologia berritzailea garatu du .
Ikerketa horretarako, besteak beste, Sopela eta Getxo arteko Barinatxe hondartzan egin dituzte azterketak, eta, ondorioztatu dutenez, itsaslabarraren oinean dagoen berezko duna-sistemak hondartza harri-jausietatik babesten du. Azterlan horretarako droneak edo laser eskanerrak erabili dituzte, eremu horien 3Dko ereduak sortzeko; horrela, ikertaldeak azterketa-eremuetara erortzen diren harrien ibilbideen, tamainaren, aitzinamenduaren eta beste zenbait parametroren jarraipena eta monitorizazioa egin dituzte.
“Beren ezaugarriak direla eta, duna horiek areka natural bat eratzen dute, eta hark, hesi-lana eginez, harriak atxikitzen ditu. Gure 3Dko ereduak erakutsi digunez, hesi natural hori narriatu eta desagertuko balitz, harriak jendea joaten den hondartzaraino iritsiko lirateke, eta arrisku-egoera handia sortuko litzateke. Une honetan, duna-sistemak % 100eko babesa ematen du. Horrez gain, ingurune hori biodibertsitatearen ikuspegitik ere aztertu da, eta ikusi da bertan hazten diren espezieak garrantzitsuak direla eta, gainera, landarediak tinko eusten diela dunei. Emaitza horiek naturan oinarritutako soluzioen eraginkortasuna erakusten dute”, azaldu du Clementek.
Ikertzaileak zehaztu duenez, Barinatxe hondartzako duna-sistema eraginkorra den arren, horrek ez du esan nahi hondartza guztietarako erabilgarriena denik, "konponbideak leku bakoitzaren berezko morfologiara egokitu behar baitira".
Hala ere, sortu dituzten 3Dko ereduei esker aukera dago leku bakoitzak dituen beharrak definitzeko, "esate baterako, eraiki behar den hesiaren altuera zehazteko balio dezake".
Horregaz batera, sortu duten 3D ereduaren metodologiak izan duen harrera oso ona izaten ari dela azaldu du Clementek eta hondartzetako harri-jausiak gelditzeko erabiltzen ari dira. Halaber, ikertzaileak uste du metodologia hori harri-jausiak pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen ingurune orotan erabil daitekeela.