Bizkaiko Correoseko beharginek "gehiegizko" lan-kargak eta zerbitzuaren prekaritatea salatu dituzte

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 11a, 13:31

Martitzenean Gorlizen egindako elkarretaratzea. © UGT_SP_EUSKADI

Bizkaiko Correosen ordezkaritza duten CCOO-ESK-UGT-LAB-CSIF sindikatuek eta langileek egunotan deitoratu dute Correosek eskaintzen duen posta-zerbitzua "gero eta gehiago hondatzen ari dela". Salatu dute narriadura hori kontratazio murrizketen, prekarietatearen gorakadaren eta behin-behineko kontratazioen hazkundearen emaitza dela. Hori dela eta, elkarretaratzeak egin dituzte egunotan Bizkaia osoan, baita gurean ere: hilaren 3an, Algortan; hilaren 4an, Areetan; eta herenegun, martitzenean, Gorlizen.

Joan den azaroan abiatu zituzten Bizkaiko Correoseko langileek mobilizazioak, posta-zerbitzuko Zuzendaritzak beharginek salatutako egoerei aurre egiteko neurririk eta elkarrizketarako aukerarik aurkeztu ez zituelako. Hala, ordutik, hainbat elkarretaratze egin dituzte herriz herri, enpresak dituen egoitzen aurrean, baita lanuzteak ere "egoera larriagoa" den tokietan. Hala eta guztiz ere, Zuzendaritzak egoera zuzentzeko beharrezko neurririk hartu ez duela deitoratu dute sindikatuek.

Protestan dauden langileek salatu dutenez, Correosek eskaintzen duen zerbitzua "gero eta okerragoa da". Diotenez, enpresak asko murriztu ditu kontratazioak, beharginen prekarietatea gero eta handiagoa da eta egindako behin-behineko kontratuak areagotu egin dira. Horrez gainera, langileen oporraldiak, baja medikuak eta bestelako gorabeherak betetzen ez direla ere salatu dute.

Horren guztiaren ondorioz, langileek azpimarratu dute estresak eta antsietateak eragindako bajak areagotzen ari direla, egunero duten lan-kargari aurre egitea ezinezkoa dutelako, "eta hala eta guztiz ere, egindako gainesfortzua, gehienetan, ez da nahikoa zerbitzu bat behar bezala emateko".

Egoera azaleratzeko asmoz, hainbat elkarretaratze egin dituzte Bizkaia osoan, baita gurean ere. Hurrengo mobilizazioa bihar, barikuan, egingo dute, Bilbon.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun