Eusko Jaurlaritzako iturriek iragarri dutenez, kokapen horiek guztiak, 57 instalazio eolikoetarako eta beste 53 fotovoltaikoetarako, “autonomia-erkidegoko lurraldearen % 1 baino ez dira”, eta hasierako 110 kokapen horiek “asko” alda litezke izapidetzean.
Dokumentuak etorkizuneko parke eolikoak eta instalazio fotovoltaikoak kokatzeko aukeratutako kokapen-eremuak definitzen ditu. Azken horiei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 23 kokapen proposatu ditu Bizkaian, besteak beste, Berangon, Erandion, Lemoizen, Plentzian eta Urdulizen.
Sailburuaren aginduagaz batera doazen dokumentu ugarietako batean azaltzen denez, energia berriztagarria lortzeko parke horiek ezarri ahal izango diren proposatutako eremuak "Euskadiren potentzial berriztagarria ahalik eta gehien aprobetxatzea lortzeko premisan" aukeratu dira, "Euskadiren natura-, paisaia- eta kultura-ondarea babestearekin bateragarria".
EAEko eta hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialek asteazken honetan argitaratu zuten Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua, planaren hasierako onespenagaz.
Argitalpen horrek jendaurrean jartzeko izapidea irekitzen du, 45 egunez, alegazioak aurkezteko. Helburua da plana legegintzaldi hau amaitu baino lehen behin betiko onartzea, 2024ko udan amaitzen baita.