Naturaren behatokitik

Azeri arrunta, luki, azeri gorria, "Vulpes vulpes"

Xabier Buenetxea 2023ko mai. 16a, 10:21

Uribe Kostan beti da pozgarria azeri bategaz gurutzatzea, mundu basatira berehala eramaten gaituelako eta gure ingurunea basa-faunarena ere badela gogorarazten laguntzen digulako. Gero eta urriagoa bada ere, oraindino bada gorrotatzen eta jazartzen duenik.

Azeri gorria (Vulpes vulpes) Uribe Kostan geratzen den haragijale handiena da. Kanidoen familiakoa izanik, tamaina ertaineko txakur bat bezalakoa da. Agian, bereizgarriena, ikusteko zortea dugunean, bere buztana da, handia eta iletsua, ehiza-uneetan lematzat erabiltzen duena, eta mutur zorrotza, bere pintzel bereizgarriakaz. Jakintza tradizionalean bere zuhurkeriagatik bereizten da, eta, mundu paganoan, druidikoan, animalia totemikoa da, egokitzapena, adimena, aldatzeko gaitasuna eta, beharrezkoa denean, aldi baterako erretiratzen jakitea adierazten baititu.

Azeria espezie oportunista da, sasoiaren eta ingurunearen arabera, eskura dituen baliabideetara egokitzen dakiena. Batez ere, sagu, arratoi eta lursaguez gain, askotariko fruituak eta baiak jaten ditu, eta behar duenean, gizakion soberakinak eta zaborrak ere aprobetxatzen ditu, eta babesa aurkitzen du gure ondoan, baldin eta ez badugu harrapatzen edo pozoitzen. Auzo periferikoetatik hurbil bilatzen du babeslekua, etsaietatik urruntzeko; are gehiago, populazioak hobeak dira landa-eremuetako auzoetan mendiaren erdian baino. Batzuetan, oilategietan bajak eragin ditzake, baina beti da barrutiaren itxituran akats bat aurkitzen duelako. Errua berari bota arren, gure ardura da, oilategia behar bezala itxi ez dugulako.

Bestalde, azeriak gure lurraldeko habitat guztiak menderatzen ditu: kostaldea, hariztia, haltzadia, landazabala, hezeguneak eta baita hiriguneak ere. Sasitza handietan, etxe abandonatuetan, areketan, labarretan eta elikagaiak lortzeko eta kumeak aurrera ateratzeko aukera ematen dion edozein lekutan babes daiteke.

Urtarrilean eta otsailean sartzen da araldian, eta ilargi betea dagoenean entzun daitezke ibiltariak izoztuta utz ditzakeen ulu zaratatsuak. 52 eguneko haurdunaldiaren ondoren erditzen dituzte kumeak. Gutxik biziraungo dute, baina gurasoek janaria bilatuko dute etsi-etsian, eta orduan arriskatuko dira oilategiei erasotzen, beharrezkoa bada. Udan eta udagoienean, txakurkume gazteak noraezean eta janari bila ikus ditzakegu. Are gehiago, egun argiz hurbilduko dira aparkaleku eta baserrietara, oraindino ez baitira ehizan trebeak, eta, batez ere, ez direlako jabetu haientzat garen arriskuaz.

Gainerakoan, paseatzen ari garenean azeri bat topatzen badugu, goza dezagun, eta beldurrik ez izan, ez baitigu inoiz eraso egingo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun