Sauron. Inperioak. Hauteskundeak

Maitane Nerekan Umaran 2023ko mai. 22a, 08:00

Badator maiatza. Hilabete ederra gurean, Gorrondatxe paradisu dela gogoraraziz. Badator maiatza, pala txapelketa herrikoiekin, kirola herrikoia eta auzolanean izanda osasuntsuago dela irakatsiz. Badator maiatza, batzuen ikasturte amaierekin (animo gazteak!) eta besteen udako lanen  (gehiegitan prekarioegien) hasierarekin. Badator maiatza, sanisidroen herri-kulturaren irakaspenarekin (gora jai herrikoiak!). Badator maiatza udal-hauteskundeekin.

J. R. R. Tolkienek irakatsi zigun, boterea eraztun bakarrean kontzentratzen bada, gaixotu egiten duela. Politika instituzionalaren atxikimendu falta gure artean larria da. Abstentzio mailak ikaragarriak dira eta, bozkatzen dutenek ere, «politikak ez du ezertarako balio» Coca-cola leloa dute ahotan. Ados, politika instituzioetan egiten dena baino askoz gehiago da; gaztetxe, ikastetxe, zahar-etxe eta zoroetxeetan ere, politika asko egiten da, hitzaren jatorrizko zentzu handi eta ederrean. Polisaren ardura hartzen da herriko jai batzordean edo guraso elkartean, osoko bilkuran baino gehiago. Baina eraztuna elikatzen jarraitzen bada, Sauronek Uribe Kosta inperio propio bezala ulertzen jarraituko du. Kontuek ez dute ematen; kexuka zabiltzaten horiek, sobretxoa Sauronen alde erabiliko duzue maiatzaren 28an. Egin apustu!

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun