Aurtengo kanpainaren erdigunea dira zigarro elektronikoak; izan ere, kontsumitzaileentzat, eta, batez ere, gazteentzat, askoz ere erakargarriagoa da lurrunketa-joera berri hori. Kanpainako antolatzaileek adierazi dutenez, zigarro elektronikoek ere kalte egiten diote osasunari: "Nahiz eta lurrun hitza kaltegabekoa dirudien, zigarro elektroniko batetik ateratzen den aerosola ez da ur-lurruna, eta kaltegarria izan daiteke. Zigarro elektronikoaren aerosolak nikotina eta bestelako substantzia mendekotasun-sortzaileak eduki ditzake, eta horiek biriketako eta bihotzeko gaixotasunak sor ditzakete, bai eta minbizia ere". Hala, argitu dute zigarro elektroniko batzuek ez dutela nikotina, baina, hala ere, "tabakoa kontsumitzen hasteko sarbidea izan daitekeela nerabeentzat".
Halaber, gogorarazi dute Osakidetzako osasun-zentroetan laguntza eskaintzen dutela tabakoa erretzeari uzteko hainbat tratamenduren bidez. Informazio gehiago, hemen.