Uribe Kostako Mankomunitateak, Jasangarritasun Sailaren bitartez, #nikbereiztendut izeneko kanpaina abiatuko du, eskualdeko herritarrek parte har dezaten eta ingurunea zaintzearen garrantziaz jabetu daitezen.
Eskualdean sortzen diren hondakinetan oinarritutako lehiaketa izango da. Gaia, zaborra sortzearen prebentzioari eta ingurumenaren babesari eta birziklapenari buruzkoa izango da, organikoa bereiztea eta birziklatzea, erabilera bakarreko materialak ez erabiltzea, gutxieneko hondarrak sortzea, hain zuzen.
Lehiaketan parte hartu gura dutenek Facebook, Instagram edo Twitterren hondakinen prebentzioagaz edo birziklapenagaz lotutako argazki edo bideo laburrak (30 segundo gehienez) partekatu beharko dituzte, #UribeKostakbirziklatzendu eta #nikbereiztendut traolak erabiliz. Lehiaketan parte hartzeko epea 2023ko maiatzaren 29tik ekainaren 11ra egongo da zabalik, egun biak barne.
Era berean, beharrezkoa izango da Uribe Kostako Mankomunitatearen profila jarraitzea,gutxienez parte hartzen den sare sozialean, eta argitalpen horretan berau aipatu edo etiketatzea. Lehiaketak bi irabazle izango ditu, bat argazkiak bidaltzen dituztenen artean, eta bestea bideoak bidaltzen dituztenen artean. Irabazle bakoitzak produktu jasangarrien saski bat eskuratuko du. Argazki eta bideo irabazleak 2023ko ekainaren 15ean jakinaraziko dituzte. Lehiaketaren informazio gehiago www.uribekosta.eus webgunean argitaratutako oinarrietan dago eskuragai.
Informazio-guneak
Lehiaketaz gain, eta Aste Berdearen harira antolatutako ekintzen barruan, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak bigarren kanpaina bat abiatuko du, zazpi udalerri mankomunatuetan informazio-guneak jarriz, herritarrak hondakinak bereiztearen garrantziaz kontzientziatzeko eta, ondoren, edukiontzi egokietan uzteko.
Puntu horietan hezitzaileak egongo dira, eta gaiari buruzko informazioa zabalduko dute eta auzotarren zalantzak argituko dituzte. Era berean, inkesta bat egingo dute auzoko puntu beltzak eta arazoak identifikatzeko, eta haien iritziak eta iradokizunak jasoko dituzte.
Kanpaina hau ekainaren 1ean hasiko da Plentzian eta ekainaren 10ean amaituko da Barrikan. Puntu hauek 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era bisitatu ahal izango dira honako data hauetan:
- Ekainak 1, eguena: Plentzia (Ontziola plaza).
- Ekainak 2, barikua: Sopela (Urgitxieta plaza).
- Ekainak 3, zapatua: Lemoiz (Armintzako portu inguruan).
- Ekainak 5, astelehena: Berango (Berangoetako plaza).
- Ekainak 8, Eguena: Gorliz (Udaletxeko plaza).
- Ekainak 9, barikua: Urduliz (Antsonekoa plaza).
- Ekainak 10, zapatua: Barrika (Frontoiaren inguruan).
Gainera, egun horietan, herritarrek hainbat karakterizazio-jardueratan parte hartu ahal izango dute. Jarduera horiek 17:30etik 18:30era egingo dituzte. Karakterizazio horien bidez, errefusa gisa jasotzen denaren zein zati birzikla daitekeen aztertu gura dute. Karakterizazioak egiterakoan, bi teknikari egongo dira, datuak hartzeaz eta hondakinak sailkatzeaz arduratuko direnak.
Karakterizatu beharreko lagina hartu ondoren, poltsa guztiak irekiko dituzte, eta edukia sei koloretako edukiontzietan sailkatuko dute. Karakterizazioa amaitu ondoren, lortutako datuak erakutsiko dira.