Txalaparta, Madriletik Uribe Kostara

Ander Zarraga 2023ko mai. 30a, 13:39

Madrilen Txalaparta eta Cris Mora Sopelan, Algortan eta Lemoizen egongo dira egunotan. © MADRILEN TXALAPARTA

Iñaki Cortes eta Juan Calderon txalapartariek osatzen dute Madrilen Txalaparta kultur elkartea, musika-tresna horren zabalkundean eta garapenean lan handia egiten duen taldea, hain zuzen. Txalapartariok Sopelan, Algortan eta Lemoizen egongo dira hurrengo egunetan beraien ikuskizuna eskaintzeko.   

Txalaparta protagonista dela, tradiziozko zein abangoardiako askotariko musika-ikuskizunak proposatzen ditu bikote honek. Instrumentu horren historia eta magiatik abiatuta, euskal kulturaren iragana eta tradizio errespetatzen duen musika egiten dute, baina musika elektronikoaren azken joerak txertatuz, erritmo eta dimentsio originalak sortzen dituzte beraien emanaldietan.

Madrilen Txalaparta taldeak eskualdean egingo dituen emanaldiak hauek izango dira: ekainaren 2an, Sopelan, 22:00etan, udaletxeko plazan; ekainaren 3an, 18:30ean, Cris Mora eta Munduko Beat taldeagaz batera kontzertua eskainiko dute Algortako Azebarri kultur elkartean; eta, azkenik, ekainaren 4an, 13:00etan, Lemoizko Andraka jatetxean egongo dira.

Aurreratu duenez, zapatuan Azebarrin eskainiko duten kontzertuan, Cris Mora ere izango dute oholtza gainean; izan ere, elkarregaz musika proiektu berri bat garatu dute. Aurreratu dutenez, Morak bere "ahots zoragarriagaz, txeloagaz eta looper bategaz zuzenean grabatutako atmosfera magikoak sortzen ditu". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun