Mankomunitateak joan den maiatzaren 17an egindako osoko bilkuran, txakurrak eta katuak bildu eta zaintzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu zuen. Horretan, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Sopela eta Urdulizko udalerrietan katu-koloniak kontrolatzeko CER metodoa (harrapaketa, esterilizazioa eta itzulera) aplikatzea ere jaso zuten.
Kontratuaren xedea da behar diren zerbitzuak ematea udalerrietan animaliak jaso eta eramateko, animaliak dagokien zentroan sartu, bertan mantendu eta tratatzeko. Horretarako abandonatuta, galduta edo bide publikoetan hilda dauden etxeko animaliak, txakurrak zein katuak, batuko dituzte.
Gainera, katu-koloniak kontrolatzeko CER metodoa ere aplikatuko dute, animalia horien ugalketa kudeatzeko, euren ongizatea hobetzeko eta zaintzaileen sentsibilitateagaz eta osasungarritasun publikoagaz bateragarriak izateko. Lanen barruan sartzen dira udalerri bakoitzean kudeatutako kolonietan erroldatutako katuei aplikatu beharreko esterilizazioak eta tratamenduak, hala nola barneko eta kanpoko desparasitazioa, animaliaren egoera orokorra berrikustea, etab.
Adopzioa sustatzea
Era berean, kontratu berri honen bidez, Mankomunitateak adopzioa sustatu gura du, Uribe Kostan abandonatu eta jasotzen diren eta enpresa esleipendunaren instalazioetan amaitzen duten animalia guztiak ahalik eta lasterren adoptatuak izan daitezen. Horretarako, Mankomunitateak egonaldietarako prezio finkoa ezarri du, eta horretan eguneroko zainketez gain, animalia trebatzeko eta soziabilizatzeko lanak ere sartu dituzte.
Trebatzaileek animaliaren portaera ikertuko dute, eta animaliak sozialak izan daitezen saiatuko dira, edozein pertsonak erraz adoptatu ditzan. Bereziki, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrakaz, patologiak dituztenakaz, adineko txakurrakaz, zentroan denbora asko daramaten txakurrakaz eta abarregaz egin beharreko lanketa da hori.
Hori dela eta, Mankomunitateak pizgarri batzuk ere ezarri ditu Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko animaliak pertsona edo familia egokiari adopzioan emateko, dagokion jarraipena egin ondoren eta animaliak zentroan gera ez daitezen, haien ongizatea bermatuz.
Halaber, webgune bat ere egingo dute herritarrek berreskuratu edo adoptatu ditzaketen udalerri bakoitzean bildutako txakurrak eta katuak ikusi ahal izateko. Webgune horrek animalien adopzioa etengabe sustatzeko balioko duela azpimarratu dute Mankomunitateko iturriek.
Animalien ongizatea bermatzeko, ahalik eta gutxien murriztu behar da bidaiaren iraupena, eta animalien beharrei erantzun behar zaie bidaia egiten den bitartean. Arau hori betetzeko, azaldu dute gune zoologikoa Sopelako udalerritik gertu egotea baloratuko dutela. Era berean, albaitaritza zerbitzu propioa izatea ere kontuan hartuko dute lizitazioa egiterako orduan, eta enpresa esleipendunak albaitari bat izatea ere baloratuko da, enpresa esleipendunaren instalazioetan lan egingo lukeena.
Hitzarmena albaitaritza klinikakaz
Arestian aipatutako CER metodoa aplikatzeko orduan, animalien ongizatea bermatzeko eta bidaietan katuen estresa murrizteko, enpresa esleipendunak Uribe Kostako albaitaritza-klinikekin esterilizazioak egin ahal izateko hitzarmenak aurkeztea ere baloratuko dute.
Horretarako, kontratatzen duten zerbitzuak gutxieneko kalitate eta bezeroarentzako arreta-irizpideak bete behar ditu, bai animalia galduz gero, bai udal-animaliak adoptatzen laguntzeko. Ondorioz, mankomunitateko teknikariek lehiatzen ari diren enpresa guztien instalazioak bisitatuko dituzte lizitazioan zehar.
Lizitazio-prozesuari buruzko informazio gehiago Euskadiko kontratazio publikoaren plataforman argitaratutako pleguetan aurki daiteke: https://labur.eus/7KSl3